euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren sorreraren 20. urtemugan, 'Zingirako Euskaldunak' ekintza andana baten bultzatzailea

2011/04/06

'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko gazteak
'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko gazteak

PUBLIZITATEA

Indarrez beteta ekin diote 2011 honi Buenos Aires probintziako Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko kideek. Urtarrilean neska eta mutil mordo bat bildu zen Argentinako bigarren Udalekua eta San Juango Eguzkiaren Jaian izandako partaidetza jarrera horren oso adibide onak dira. Hilabeteak aurrera doaz eta mugimendua ez da gutxitzen euskal etxean. Bigarren sorreraren 20. urteurrenaren urtean, hitzaldi, erakusketa, ikuskizun eta jaiekin sendotuko dute euskal presentzia Chascomus hirian 'Zingirako Euskaldunak'-eko lagunek.

Chascomus, Argentina. Euskaldun talde batek sortu zuen 1952. urtean Chascomuseko lehenengo euskal etxea. Nekazari aritzen ziren hainbat lagunek bultzatuko erakundeak garrantzi handia izan zuen 50. hamarkadan. Izan ere Jose Antonio Aguirre eta Jesus Maria de Leizaola Euskadi lehendakarien bisitak jaso zituzten euskal etxearen sortzaileek 1959 eta 1960 urteetan.

Denborarekin talde horrek bultzatzen zituzten ekintzak gutxituz joan ziren desagertu arte. Haiek landatuta euskal hazia, ordea, ez zen hil eta 1991. urtean lagun horien ondorengoek euskal etxea berpiztea erabaki zuten. 'Zingirako Euskaldunak' izenarekin, Chascomuseko euskal etxeak eskualdeko euskaldunak bildu zituen berriro.

20. urtemugaren ospakizuna

Proposamen anitz dituzte euskal etxeko kideek urte osoan garatzeko, tartean hitzaldiak, erakusketak eta jaiak. Lehenengo ekintza apirilaren 8an izango da Giribone-ko “Alte. Brown 27 zenbakidun” eskolan. Cesar Arrondo irakasleak “Euskal Herriaren jatorria eta Euskal Diaspora Argentinan” izeneko hitzaldia emango du goizeko 11:30etan, publiko orokorrarentzat.

Ospakizun egitarauarekin jarraituz, apirilaren 30ean eta Chascomuseko Nekazaritza Elkartean, Gernikako Bonbardaketa urtemuga oroituko da, oraingoan ere Cesar Arrondoren eskutik. Maiatzean eta lehenengo euskal etxearen sortzaileak omentzeko asmoarekin, Amalia Larralde de Ochoak hitzaldi eta argazki erakusketa eskainiko ditu.

Ekainerako, euskal kulturari buruzko tailer bat antolatuko dute 'Zingirako Euskaldunak'-ekoek. Ondoren, utzailaren 9an, 20. urtemugaren afaria egingo da eta hilearen amaieran, uztailaren 29an euskal dantza ikuskizun batez gozatu ahal izango da Udaleko Antzokian. Proposamen hauetaz gain, Arabia, Espainia, Italia, Frantzia eta Lausanako kolektibitateekin batera, Chascomuseko euskal etxea irailean egingo den hiriko Immigranteen III. Jaia antolatzen ari da.

Mus Txapelketa

Urte bizia izango da hau Chascomuseko euskaldunentzat. Komunitateari zuzendutako aktibitate ugari, beti Euskal Herriaren kultura Argentinan hedatzeko asmoarekin. Eta musa duda, dudarik gabe, Euskal Herriko ikur bat. Hori dela eta 'Zingirako Euskaldunak'-eko kideek muslariei ere beren lekua ematen diete.

chascomuseko mus txapelketa 2011 01

[Chascomuseko Mus Txapelketan parte hartu zuten muslari batzuk]

Joan den apirilaren 2an eta datorren ekainean Necochean burutuko den Argentinako Mus Txapelketa Nazionalari begira, Chascomuseko Mus Txapelketa hasi da. Lau elkarretaratze izango dituen lehia honen lehenengo irabazleak Néstor Fuentes eta Luis Moreno izan dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia