euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren saioa izango du astelehenean Cordoban Fidela Bernat-en ohorez antolatutako Zinema Zikloak

2016/09/23

Elba Mocoroa Gerorako lehendakariak aurkeztu zuen ‘Orai Keben-Orain Hemen’ zikloa
Elba Mocoroa Gerorako lehendakariak aurkeztu zuen ‘Orai Keben-Orain Hemen’ zikloa

PUBLIZITATEA

Orain 25 urte hil zen Iruñean Erronkariko euskararen azken hiztuna. Hori gogoan eta euskararen lekukoa jasoz, Argentinan, Cordobako Gerora Euskal Elkarteak ‘Orai Keben-Orain Hemen’, honela, erronkarieraz eta batuaz, izendatu du, lau saiotan banatuta antolatu duen Xamar-en ‘Euskara Jendea’ dokumentalaren emanaldia. Lehenengo emanaldi "zinez arrakastatsu”aren ostean, bigarrena datorren astelehean izango da. Gerorak urtea bukatu arteko beste zenbait proposamen ere aukeztu ditu.

 

Cordoba, Argentina. 25 urte bete dira aurten erronkarieraren azken hiztuna, Felisa Benat uztarroztarra, hil zela eta Gerora elkarteak oso omenaldi polita egitea erabaki du: ‘Orai Keben (erronkarieraz) Orain Hemen (batuaz)’ izenburuko lau saioko zinema zikloa antolatu du, komunitate osoari begira, Cordobako Unibertsitateko Hizkuntzen Fakultatean.

Zikloan Xamar idazlearen izen bereko liburuan oinarrituta dagoen Euskara Jendea dokumentala proiektatuko da, lau saiotan. Dagoeneko egin den lehenengo emanaldiari “harrera paregabea eman zion publikoak”, adierazi dute antolatzaileek. Gerorako lehendakari Elba Mocoroaren hitzetan, “euskara ikasleak ez ezik, Gerorako beste hainbat kide eta hizkuntzak gustukoak dituzten pertsonak ere etorri ziren lehenengo emanaldira. Eta oso gustura ikusi zuten. Dokumentalaren gaia, gainera, abiapuntu hartu genuen klaseetan komentatu eta lan egiteko”, jakinarazi dio EuskalKultura.com-i elkarteko irakasle ere baden Mocoroak.  

Datorren astelehenekoaren --irailaren 26koaren-- ondotik, azkeneko bi emanaldiak urriaren 31an eta azaroaren 29an izango dira, beti arratsaldeko 6:30etan, Cordobako Hizkuntzen Fakultateko B auditoriumean, Velez Sarsfield etorbideko 187. zenbakian.

Datozen hilabeteetako aktibitateak

Urte amaierari begira, egitaraua bete-betea iragartzen dute Gerora-koek, mota askotako ekintzekin. Elkartearen babesarekin, gaur bertan, irailaren 23an, bi hitzaldi eskainiko ditu Cesar Arrondo irakasleak Cordoba hiriburuan. Goizeko 11etan, "Hipolito Yrigoyen eta Herri Burujabetzaren Mendeurrena" hartuko du hizpide hiriko Legebiltzarreko Aretoan. Arratsaldeko 6:30etan, berriz, “Euskal Nazioa, lehen eta orain” izenburuko hitzaldia eskainiko du, oraingoan Liburu Azokan.

Euskal Emakumeari eta generoari buruzko tailer bat ere eskainiko du Gerorak, urriaren 14an, 21ean eta 28an.

Urriaren 29an, ostera, Kultur Erakusketa gauzatuko dute elkarrekin, Baietz taldeko musikariek, Txotx! taldeko dantzariek eta Gerorako euskara, sukaldaritza eta txistu tailerretako ikasleek. Euskal erakustaldia Pepino Kultur Gunean izango da, arratsaldeko 6:30etan.

Ohiko eskolekin bateraeta azaroan Necocheako Euskal Aste Nazionalean parte hartu ondoren, urteari amaiera emateko, Euskararen Astea ospatuko du Cordoban Gerorak, abenduaren 5etik --astelehena-- aurrera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia