euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren Mundu Gerran Japonian erori ziren euskal gazteen oroimena aldarrikatuko dute bihar Okinawan

2023/12/04

BMGko euskal jatorriko partaideei Japonian egingo zaien lehenengo gorazarrea egingo da bihar Okinawan
BMGko euskal jatorriko partaideei Japonian egingo zaien lehenengo gorazarrea egingo da bihar Okinawan

PUBLIZITATEA

Itoman City, Okinawa, Japonia. Astearte honetan Itoman Cityn, Okinawako uharte japoniarrean, egingo den zeremonia batek omenaldia egingo die Bigarren Mundu Gerran Pazifikoan erori ziren euskal jatorriko soldaduei —22 identifikatu dituzte orain artean—, modu berezian Okinawako Batailan, 1945an, zendu zirenei, azken mundu gerrako azken bataila handia izan zen hartan. Gorazarrean lagun izan dira Okinawako Prefeturako Bakearen eta Berraskidetzearen Museo Oroigarria eta Sancho de Beurko Fundazioa, NABO Ipar Ameriketako Euskal Erakundeen Federazioa laguntzaile.

Sancho de Beurko Fundazioak bere ikerketen emaitza Okinawan utziko du, euskal soldaduen izenen inskripzioa gauza dezaten Bakearen aldeko Oroitarrian

BMGren Pazifikoko gertalekuan aritu ziren euskal jatorriko partaideak identifikatu eta erauztera eraman duen ikerketa 'Fighting Basques: BMGko Memoria' izenpean Euskal Herrian egoitza duen Sancho de Beurko Fundazioko ekipo batek darama, Pedro Oiarzabal buru, eurak egundaino egindako lana medio Estatu Batuetako Indar Armatuetan aritu ziren euskal jatorriko 1.600tik gora gazte identifikatu dituztelarik, eta euretako 1.100dik goraren, eta euren familien, biografiak landu. Hau izango da Japonian BMGko gure beteranoei egingo zaien lehenengo gorazarrea.

Okinawan eroritakoetako batJoseph Uriola Alcorta sargentoa izan zen, Boise Idahon jaioa 1919ko maiatzaren 22an, gurasoak emifrante bizkaitarrak zeukala, aita Juan Urriolabeitia, Markinakoa, eta ama Maria Dolores Alcorta, ondarroarra; Estatu Batuak gerran sartu baino hilabete batzuk lehenago armadan sartu zena. Infanteriako 7. Dibisioko 184. Erregimentuko kide gisa, Aleutiar Uharteetako Kanpainan hartu zuen parte eta Kwajalein eta Leyte-ko batailetan. Okinawan, borrokan hil zen, 1945eko apirilaren 7an, 25 urte zituela. Bihotz Purpura eman zioten eta Brontzezko Izar bat, post mortem, zauritutako kide bati bizitza salbatzeagatik Filipinetan.

Pedro Oiarzabalen bisita

Euskal Herritik Okinawako ekitaldietan parte hartzeko bertaratua, Pedro Oiarzabal doktorea 'Fighting Basques'eko ikertzailekidea da, Guillermo Tabernillarekin batera. Egingo duen egonaldian euren ikerlanaren aurkezpena egingo du  eta Okinawan hilik orain arte identifikatu dituzten euskal jatorriko sei lagunen inskripzioa aurreratzekotan da Bakearen Oroit Parkeko “Cornerstone of Peace” Monumentuan, esan nahi baita Okinawako Batailan hil ziren bi bandoetako 240.000 pertsona baino gehiago memoralizatuta dauden lekuan.

Aldi berean Oiarzabalek bisitatu eta lehenengo eskutik ezagutuko ditu Bigarren Mundu Gerrako bertako monumentu eta oroitarriak. Behar da gogoratu berehala hasiko den 2024an NABOk sostengo ekonomiko bilketa kanpaina bat hasiko duela, eraikitzeko Estatu Batuetan, Bigarren Mundu Gerran parte hartu zuten euskaldunen eta euskal-amerikarren ahalegin eta ekarpena oroitu eta ohoratuko duen lehenengo Monumentu Memoriala izango dena..



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia