euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bigarren Mendeurreneko Euskal Astean, Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxea euskararen alde

2010/09/06

Bigarren Mendeurreneko Euskal Astearen logoa
Bigarren Mendeurreneko Euskal Astearen logoa

PUBLIZITATEA

“Euskararen alde, bideoak; euskararen alde, kartelak; euskararen alde, postalak; euskaren alde, zuek eta guztiok” dio Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak eta bertako Artaburu Euskera Taldeak euskara bultzatzeko lehiaketetan parte hartzeko egindako gonbiteak. “Argentinan Euskaraz” proiektuaren hogeigarren urtemuga ere ospatzen da aurten eta kari horretara euskarak leku berezia hartuko du Euskal Astean. Erakunde antolatzaileak euskararekin lotura duten hiru lehiaketa jarri ditu abian komunitate argentinar osoak parte har dezan, bideoak, euskara klaseak iragartzeko afixak eta txikien postalak egitera animatuz, azaroaren 1etik 7ra egingo den Bigarren Mendeurreneko Euskal Asteari begira.

Mar del Plata, Argentina. Argentinan, Maiatzaren Iraultzaren Bigarren Mendeurrena ospatzen da aurten eta herrialde osoan jaiak eta mota askotako ekitaldiak ari dira egiten. Euskal Etxeek, bakoitzak bere komunitatean, hartu dute parte jaialdietan. Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeari egokitzen zaio aurten, testu-inguru honetan, euskaldun-argentinar guztiak biltzen dituen jai hau prestatzea eta murgilduta daude jadanik erakundeko kideak antolakuntza lanetan.

Argentinan euskara irakasleak trebatzeko programa, hau da, “Argentinan Euskaraz” proiektua ere, urtemuga berezi bat ari da ospatzen. Hogei urte betetzen ditu aurten eta euskararekin loturaren bat daukatenek ez dute galduko bi hamarkada hauetan lortu dena erakusteko aukera.

Hori dela eta, Denak Bat Euskal Etxeak Artaburu Euskara Taldearekin batera Euskararen aldeko hiru lehiaketetan parte hartzeko gonbitea luzatu die euskararen lagunei.

Bideoak, Kartela eta Umeen Postalak

-“Euskararen Alde” da publizitate-iragarkiaren izenburua, eta helburua, bideo baten bidez euskaldunen hizkuntza erakutsi eta hedatzea. Deialdia Argentinako ikus-entzunezko zale eta aditu guztiei dago zuzenduta. Ez da beharrezkoa euskal etxe bateko kide izatea eta adin mugarik ez dago. Partaideek banaka zein taldeka aurkez ditzakete lanak, bakoitzak gehienez bi. 

-Kartel Lehiaketari dagokionez, azken urteotan egin den legez, Argentinako euskara klaseak iragartzeko erabiltzen diren afixak euskararen munduan dabilen jendeak berak diseinatzen ditu. Bide horri jarraituz, aurten ere aukera hori irekitzen da ikasle eta irakasle guztientzat. Gaia 2011ko euskal etxeen klaseen zabalkundea izango da eta lanak banaka edo taldeka egin daitezke.

-Artaburu Euskera Taldeak, euskara talde anfitrioiak, haurrentzat propio antolatutako deialdirik ere badauka: euskal etxe guztietako haurrek postal erraldoiak egin ahal izango dituzte Euskal Asteko publikoak ikus ditzan. Jarduera hau taldeka egingo da eta talde bakoitzak postal bat baino gehiago aurkeztu ahal izango ditu. Lehia guztietako lanak Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxera igorri behar dira, Moreno 3440, (CP 7600) helbidera. Bidaltzeko epea irailaren 30ean bukatuko da. Irabazleen izenak Euskal Astearen itxiera bazkarian, azaroaren 7an, alegia, ezagutaraziko dira.

-Lehiaketen oinarriak, hemen (Euskaletxeak.net)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia