euskal diaspora eta kultura
2010/06/25
PUBLIZITATEA
Rosario, Argentina. Bigarren Mendeurrenaren ospakizunen testuinguruan eta Rosarioko Emakume Abertzale Batzak antolaturik, maiatzaren 29an, te bat egin zen Zazpirak Bat Euskal Etxean. Emakumeen gonbidapenak arrakasta polita lortu zuen; izan ere, ehun bat andre gerturatu ziren euskal etxera arratsaldeko hitzordu honetara.
Maiatzeko Iraultzari eskainitako omenaldian, Las Nazarenas Talde Folklorikoak Argentinako hainbat eskualdetako dantzak aurkeztu zituen, besteak beste, cielitos, triunfos, media caña, chacarera, zambas, gatos eta chamamés. Señora Argentina olerkiaren bitartez, herrialdearekiko atxikimendu sentimendua adierazi zuen taldeak. Ikuskizunarekin jarraitzeko, Zazpirak Bat-en Dantza Taldeak “Lore Arku” eta “Fandango” interpretatu zituen.
'Rosariok, leku askotako etorkinak jasotako hiriak, betidanik ezagutu zuen euskaldunen langile zintzoak izateko joera. Hori dela eta, Rosarioko Emakume Abertzale Batza-ko eta gainontzeko emakumeek merezitako omenaldia eskaini nahi diete herrialdeari eta bere heroi nazionalei', adierazi zuten ekitaldiaren arduradunek.
Banderari omenaldia Parana ibaiertzean
Beste alde batetik, eta bi aste beranduago, ekainaren 12an, Zazpirak Bat-eko kideek afari erraldoi bat egin zuten Bigarren Mendeurrena aldarrikatzeko. Hitzordu honetan ez zen Iraultzaren urtemuga soilik kontuan hartu, Banderaren Eguna ere ospatu zen Parana ibaiaren kostaldean dagoen hirian.
Jaiari hasiera emateko, eta Carlos Gantus-en gidaritzapean, 'Lagun Artean' euskal etxeko abesbatzak Argentinako Ereserki Nazionala eta Aurora abestu zituen. Ondoren, protokoloarekin jarraituz, Argentinaren ikurrari omenezko Aurreskua dantzatu zion euskal etxeko dantzari batek. Segidan, Pampako menu tipikoaz gozatu ahal izan zuten gonbidatuek.
Afalostean, erakundeko lehendakariak, Claudio Esnalek, hitz batzuk zuzendu zizkien bildutakoei: 'Gurekin gogoeta batzuk egitera gonbidatu nahi zaituztegu', esan zuen Esnalek. 'Beti mintzatzen gara euskaldunen bertuteei buruz, baina gure alde txarrak ere aitortu beharko genituzke: buru gogorrak, serioak eta batzuetan itxiak garela esate dute. Badago, hala ere, izaten ez dugun akats bat. Ez gara esker txarrekoak. Gure arbasoengandik ikasi genuen esker onekoak izaten eta esker beroak ematen dizkiogu beti lur bedeinkatu honi, eskaini dizkigun aukera guztiengatik'. Hau esanda, lagun guztiek aho batez “Aupa Argentina (viva la patria)” oihukatu zuten.
[Kantak, dantzak eta Argentinako menu tipiko bat Zazpirak Bat Euskal Etxean Bigarren Mendeurrena ospatzeko]
'Rosariotarrek harro egoteko arrazoi ona daukagu', adierazi zuen geroago euskal etxeko buruak. 'Rosarioko ordezkari bat egon zen Cabildo Abierto-ren egunean, eta gizon hori euskal jatorrizkoa zen. Vicente Anastasio Echavarria, Manuel Belgrano abertzale argentinarren laguna zen, gure banderaren aita', azaldu zuen Esnalek. .
Ondoren, jaia ordu txikiak arte luzatu zen. Graciela Ferradak zuzentzen duen “El Malon” ballet folklorikoak, Cielito eta Pericón Nacional dantzatu zituen, eta euskal etxeko dantzariek ere euren dantza tipikoak erakusteko aukera izan zuten, Gaztedi Zutik Taldekoek eta baita txikiek ere.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus