euskal diaspora eta kultura
2010/06/22
PUBLIZITATEA
Bahia Blanca, Argentina. Laurehun bat lagun gerturatu ziren pasa den ekainaren 5ean Bahia Blancako Union Vasca Euskal Etxera Argentinako siriar-libanoar eta euskal komunitateen arteko erakusketa ikusteko. Erakustaldia arratsaldeko 4etan hasi zen, Mikel Irazusta euskal etxeko lehendakariaren eta Graciela Lebed siriar-libanoar Elkarteko presidentearen ongietorri hitzekin. Ondoren, Siriar-libanoar Elkarteko kideek “Sur Morisco” filma aurkeztu zuten. Pelikula ikusi ondoren, kolektibitate siriar-libanoarreko ordezkaria den Evedith Hosni-k “Immigrazio arabiarra Argentinan” izeneko hitzaldia eman zuen.
[Euskal etxeko lehendakari Mikel Irazusta bildutakoei ongietorria ematen]
Mediterraneo Itsasoaren kostaldean kokatuta dauden Siria eta Libanori buruz mintzatu ostean, Euskal Herriaz hitz egiteko momentua heldu zen. “Euskalduna izatea” izeneko mintzaldia eskaini zion Emma Vila-k bildutako jendeari, eta gero 'Lau haizetara (La mirada mágica)' saileko dokumental bat ikusteko aukera izan zuten. Bien bitartean, erakusketa estatikoa ikusgai egon zen arratsalde osoan.
[Bi erakundeek antolatutako erakusketa estatikoa]
Dantzak dira agian munduko kultur guztien adierazpide preziatuenetako bat. Horregatik seguruenik, jaia bukatzeko, bi elkarteetako dantzariek dantza ikuskizun bat aurkeztu zuten. Euskal Etxeko Andoni Irazusta aretoan janari tipikoak ere saldu ziren.
[Mikel Irazusta, Mariana Oyagüe, Blanca Iriarte, Emma Vila eta Nerea Grassi]
"Garrantzi handiko ekimena izan da hau guztiontzat, aberasgarria eta atsegina gainera", adierazi dio Nerea Grassik EuskalKultura.com-i. 'Kolektibitate bietako ordezkariok anitz gauza ikasi ditugu elkarretaratzean, linguistika, historia, sukaldaritza eta musikaren arloko gauza mordo bat', azaldu du Grassik. 'Bestalde azpimarratu nahi dugu euskal etxeko Ekitaldien Azpibatzordeak gogor egin duela lan erakusketa antolatzen eta etxeko liburutegia eta baita Kultur Azpibatzordeko kideek ere hartu dutela parte dena ondo atera zedin', azaldu du Barandiaran Liburutegiaren arduradunak.
Amaitzeko, jakingarri da sarrerarekin bildutako janaria 502 “Stella Marys” Eskola Bereziari eman diotela dohaintzan.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus