Vitoria-Gasteiz. Munitxeko Euskal Elkarteak 34 bazkide ditu egun, Jaurlaritzako iturriek aditzera eman dutenez. Gehien bat, hiriburu bavariarrean lan egin eta lanbide-kualifikazio altua duten gazteek osatzen dute euskal etxe onartu berria.
Hona Munitxeko Euskal Elkartearen Zuzendaritza:
-presidentea: Oroitz Aldasoro
-presidenteordea: Mikel Sagardia
-idazkaria: Haizea Amezaga
Berlingo euskal etxeak bezala, ez du egoitza fisikorik eta inguruko ekipamenduak erabiltzen ditu bere jardueretarako.
Eusko Jaurlaritzaren euskal etxeen zerrenda ofizialean dagoen 188. euskal etxea da.
Korrika 19 egingo dute
Elkartearen hurrengo jardueren artean aipagarria da Korrika 19ren alde egingo den ekitaldia. Martxoaren 22an izango da eta Municheko bi plaza oso ezagun izango dira hasiera eta helmuga: MaxJosephPlatz eta GeschwisterSchollPlatz, hurrenez hurren. Arratsaldeko 15:30tan ekingo diote lasterketa/paseotxoari eta ibilbideak kilometro eta erdiko luzera izango du. Partehartzaileei Korrikako petoak banatuko zaizkie eta musikak eta animazioak lagunduta egingo dute bidea.
Ariketa fisikoaren ostean, elkarteak euskal produktu dastaketa antolatu du eta euskal kultura edo elkartea bera ezagutu nahi duen oro gonbidatu du bertara biltzera.
Munitxeko Euskal Elkarteak hiri alemaniarrean antolatzen duen bigarren Korrika izango da hau. Aurten elkarteak egin duen beste ekitaldi nabarmena Amets Arzallus hirira ekarri zuen Bertso Ekitaldia izan zen; saioa arrakastatsua izan zen eta Arzallusen bertsoak alemanera itzuli zituzten alemaniar entzuleentzako.
Munitxeko Euskal Etxearen Facebook orria, hemen.