euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bidondo anaiek euskal eta norvegiar sustraiak nahasten dituzte Alaska eta Oregon artean egin duten diskoan

2007/11/24

'The Homecomig', Brothers Bidondo taldearen diskoaren azala, euskal baserrien irudiekin
'The Homecomig', Brothers Bidondo taldearen diskoaren azala, euskal baserrien irudiekin

PUBLIZITATEA

Craig eta Pierre Bidondo anaia iparramerikarrek The Homecoming (etxeratzea) izeneko diskoa plazaratu dute eta bertan euren euskal eta norvegiar jatorriak Alaskako musikarekin nahasten dituzte. Fusio aberats hau jazz, soul, bossa, rock eta samba estiloko hamalau kantuetan bildu dute. Horiekin batera, 'euskal afari' tipiko batean bizi den giroaren grabazioak edota 'Bortian Ahuzki' izeneko euskal kantua entzun daitezke.
Bidondo familiak Estatu Batuetako Anchorage hirian du etxea, Alaska estatuan. Hona heldu zen 1950 aldean Joseph Bidondo baxenabartarra lan bila. Bertan ezagutu zuen Louise emaztea, lehen belaunaldiko norvegiar-amerikarra. Orain, euren semeek, Pierrek (47 urte) eta Craigek (43), kultur ondare aberats hau 'The Homecoming' izeneko diskora bideratu dute. CDa bi anaien lehen grabazio profesionala da eta jazz, samba, bossa eta beste erritmoak Euskal Herri, Norvegia eta Alaskako doinuekin nahasten ditu.

Disko instrumental honek euskal eragina duten kantuak biltzen ditu, horien artean argi eta garbi 'Bortian Ahuzki' izenekoa. Lana sei urtetan grabatu dute, Anchorage eta orain Craigen bizilekua den Oregon estatuaren arteko joan-etorri etengabeetan. Craig Bidondok teklatua jotzen du diskoan eta Pierre anaia kitarren kargu egin da. Diskoa, amerikar kritikaren esanetan, soinu aberatseko lana da, eta umorez eta alaitasunez ausartzen da samba, jazz, rock, blues, reggae eta euskal musikan barrena. Produkzio lanetan Sheryl Crow rock musikari amerikarrarekin aritutako Dean Baskervilen laguntza izan dute. [Ezkerreko irudian Pierre eta Craig Bidondo anaiak]

Bi anaiak dira familian musika arloan modu profesionalean barneratu diren lehenak. Craigek aitari ematen dio mereximendua, Joseph-ek ez omen zuelako immigrante askok hartzen duten bidea hartu: seme-alabak medikuntza edo zuzenbidea bezalako ikasketak aukeratzera bultzatu, eta utzi egin ziela musika bezalako lanbide bat hartzen. Horregatik, eta etxekoek etxean bertan urtetan jasan izan dituzten entsaio ordu amaigabeengatik, diskoa gurasoei dedikatu diete Bidondo anaiek, Brothers Bidondo taldeak alegia.


Lotura interesgarriak

Diskoko kantuak entzuteko eta erosteko
http://cdbaby.com

Brothers Bidondo taldearen webgunea
www.bidondomusic.com

Taldeari buruzko informazio gehiago
www.theoutlookonline.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia