Alacant, Espainia. Erabilgarri dauden baliabide teknikoei etekina atereaz, elkarrizketa polita egin zion atzo euskaraz Peru Magdalena euskal idazleari, Alacant-etik Durangora, Izaskun Kortazar irakaslearekin Alacant-eko Hizkuntza Eskola Ofizialean (HEO) euskara ikasten ari den ikasle talde batek HEOko B1.1 mailako lagunek sortzaile durangarrari (bertsolari eta idazlea izateaz gain, margolaria, dokumental egilea, etab bada Magdalena) deitu eta hainbat galdera egin zizkioten, aldez aurretik honen bi ipuin irakurrita.
Izan ere, galderetako asko elkarrizketatuak 2006an idatzitako 'Gero eta gehiago dira' eta 'Matxinsaltoa eta tximeleta' izeneko lanei buruzkoak izan ziren, biak idazlearen 'Lile' liburukoak. Sortzaileak ipuin idazketarekin duen harreman pertsonalak ere erakarri zuen ikasleen arreta.
Ikasleak Peru Magdalenaren esanei adi bideokonferentziaz egindako solasaldian
Esan dezagun ikasleak ere "euskal idazletza bidean" abiatuak direla hein batean, eta horren froga idatzi dituzten ipuinak: 'Sorgin bakartia', 'Arrautz magikoak', 'Auzokoak espazioan' eta 'Misio Sekretua'.
Idazleak, bere aldetik, zorionak eman zizkien ikasleei eta haiku liburuxka bat, 'Tantaka' izenekoa, aurkeztu zien, bertako ipuin batzuk irakurriz, liburu horren istorioa azaltzeaz gain. Liburua A1eko klaseetan erabiltzen du Alacanteko bere eskoletan Izaskun Kortazar Errekatxo irakasleak, "ikasleak kontura daitezen lehen urtean ere badirela gai euskal literatura ulertzeko", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Kortazarrek berak.
"Peru benetan harrituta zegoen ikasleak, berak esandakoa ulertzeko gai zirelako, idazterakoan duten euskara mailagatik eta euren sormenagatik ipuinak idazten", adierazi du irakasle bilbotarrak.