euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bideak-ek Diasporako familia ezagutzeko bidaia egiteko gonbitea egiten die euskaldunei; eta alderantziz

2009/06/10

Jasone Gezuraga, Bideak-ekoa (argazkia EuskalKultura.com)
Jasone Gezuraga, Bideak-ekoa (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Egoitza Durangon duen 'Bideak' bidaia agentziak, Basque-Eusk'09 programaren bitartez, Euskal Herria eta Diasporaren artean zubiak eraikitzeko aukera berriak eskaini nahi ditu. Alde batetik, agentziak, Euskal Herria eta euren sustraiak ezagutu nahi dituzten Diasporako euskaldunentzako ibilbideak antolatzen ditu. Bestetik, prozesua alderantziz egiteko aukera ere eskaintzen du, Euskal Herriko euskaldunei AEBetan, Argentinan, Txilen... dauzkaten senitartekoak ezagutzeko bidaiak antolatuz. Aurten bidaiatu ahal izateko izen-emate epea ekainaren 30ean bukatuko da.

Durango, Bizkaia. Zer gertatu zen Ameriketara joan zen osaba harekin? Nolakoak ote dira eta nola bizi dira Euskal Herriko lehengusuak? Iragana eta sustraiekin topaketa, bi aldeetara, horixe da Bideak agentziak proposatzen duena Basque-Eusk'09 programarekin. Eskaintza euren jatorria ezagutu nahi duten Diasporako euskaldunei zein Diasporako familia aurkitu nahi duten Euskal Herriko euskaldunei zuzendua dago. Askotan, adibidez AEBetako kasuan, hizkuntzarengatik eta antolakuntzan izan daitezkeen arazoengatik familiak ez du bidaia egiterik izan; orain Bideak-eko giden laguntzaz oztopo hori erraz gaindi dezakete.

Agentziak bidaiarien interesen araberako ibilbidea antolatzen du eta txango, garraio, ostatu eta janarien kargu egiten da. Egonaldian zehar, gainera, agentziako gida bat izaten dute lagun bisitariek. 'Aurreko sasoietan horrelako 60 bat bidaia egin ditugu, hemendik hara eta handik hona', azaltzen dio EuskalKultura.com-i Bideak-eko Jasone Gezuragak. 'Aurten eskaria batzuk jaso ditugu dagoeneko AEBetatik eta Bordeletik Euskal Herria ezagutzeko'.

Azpeitiatik Heinz tomatearen inperiora

Euskal Herritik Diasporara antolatzen dituzten bidaiei buruz, Gezuragak Kaliforniara bidaia egin zuen Azpeitiko familia baten esperientzia dakar gogora. 'Familia osoa ziren, tartean 70 urteko andre bat ere. Harek gogoan zuen izeba batek Ameriketara emigratu zuela eta gero harremana galdu zutela', azaltzen du.

'Ikertu eta familia aurkitu genuen: alaba bat ezkondu egin zen eta Kalifornian bizi zen bost seme-alabekin, Tracy izeneko herrian. Familiak negozio ederra zuen, Heinz tomate markarako tomateak landatzen zituztenak ziren eta oso kaliforniarrak ziren, denak ilehoriak, denak despanpanante. Topaketa oso bitxia izan zen eta hurrengo udan alabak Euskal Herrira etorri ziren'.

Egunean 100 eurotik behera

Bideak-ek horrelako hamaika bidaia antolatu ditu Euskal Herrian, AEBetan eta Argentinan eta agentzia Diasporako beste herrialdeetan ere antzeko esperientziak egiteko prest agertzen da. Bidaiariek ezagutu nahi duten herrialderaino bidaia euren kabuz egin behar dute eta behin han egonik Bideak denaren kargu egiten da.

'Eguneko 100 eurotik beherakoa izan ohi da prezioa, prezio horretan hotela, janaria, garraioa, gida... sartzen direlarik', azaltzen du Jasonek. 'Taldeak prezio merkeago bat nahi duenean ostatu eta albergetan egin ditzakegu gauak'. Aurtengo sasoian bidaia antolatu nahi duenarentzat, izen-emateko epea ekainaren 30ean bukatuko da.

Interesa duenak Bideak-ekin harremanetan jarri behar du (34) 94-4656003 telefonora deituz edo e-maila bidaliz info@bideak.info helbidera. Basque-Eusk'09 programari buruzko informazio gehiago, Bideak-en webgunean: www.bideak.info.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia