Zortzi klaseko kurtsoa ostiraletan izango da eta bereziki bidaiariei egongo da zuzenduta. Hala ere, edonork har dezake parte euskarazko oinarrizko ezagutzak eskainiko dituen ikastaro honetan. Eskolak doan izango dira eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.
Mar del Plata, Argentina. Bihar, hilaren 6an, euskara ikastaro labur bat hasiko da Mar del Platako euskal etxean, Nerea Ariznabarreta bertako irakaslearen ardurapean. Udako klaseak ostiralero izango dira, arratsaldeko 6:30etatik 8:30etara, eta martxoaren 27an bukatuko dira ikasturtearen hasierarekin batera.
Nerea irakasleak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Euskal etxeko dantzariak etorri zaizkigu proposamenarekin. Gazte talde batek bidaiatuko du aurten Euskal Herrira eta komunikatzeko oinarrizko ezagutzak menperatu nahi dituzte eguneroko kontuak euskaraz egin ahal izateko, hau da, agurrak, norberaren aurkezpenak, erosketak eta informazioa eskatzeko galderak, egoera batzuk aipatzearren”.
“Udako ikastaro honek beste abantaila bat ere badauka”, jakinarazi digu Mar del Platako irakasleak. “Opor garaian egitean, urtean zehar etorri ezin direnek ere parte ahal izango dute, beraz, bidaiariei dago zuzenduta baina euskararekin lehenengo harremana izateko ere balioko dio hainbat laguni; eta nahi eta ahal izanez gero, udako ikastaroa bukatuta, ohiko eskoletan jarraitzeko aukera izango dute”.
Klaseak musutruke eskainiko ditu euskal etxeak eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea. Hala ere, informazio gehiago eskuratzeko, euskal etxearekin edo Nerea Ariznabarretarekin jarri behar da kontaktuan. Gogora dezagun irakaslea HABEk eta FEVAk kudeatzen duten Euskara Munduan programaren baitan ari dela trebatzen eta urtarrilean Uruguaiko Salto hirian egindako barnetegian hartu zuela parte.
Berri honekin batera, otsailaren 21ean egingo den Taska-ra gonbidatzen du euskal etxeak. Festan, euskal dantzak, janari tipikoak eta jai giro eskainiko zaio publikoari. Sarrerak, 35 pesotan.