euskal diaspora eta kultura
2012/10/01
PUBLIZITATEA
Reno, Estatu Batuak. Koralak bira honetan Estatu Batuetan eskainiko duen lehenengo kontzertua Renon izango da, datorren igande iluntzean, Nevada-Renoko Unibertsitateko Knowledge Center eraikineko Wells Fargo Auditorium-ean. Gogoratu behar da eraikin moderno eta adimentsu honetan daukatela egoitza 2008tik Unibertsitateko 'Center for Basque Studies' (CBS) delakoak eta baita Euskal Liburutegiak ere. Eraikinaren behe solairuko areto honetan ekitaldi ugari egiten dira eta bertan egin zen, esaterako eta besteak beste, Euskadik Nevada estatuari 'Lagun Onari' saria emateko ekitaldia Lopez lehendakaria Renora bisitari etorri zenean, lehendakaria bera eta Nevadako gobernadoreorde Brian Krolicki buru.
Renoko kontzertua, hirian euskal historia duen beste erakundeetako batek , USACek, eta bertako zuzendariak, Carmelo Urza euskalamerikarrak, bideratu dute. Urza doktoreak harreman berezia dauka, Euskal Herriarekin ezezik, Donostiarekin eta hiri honetako 'Urrezko Danborra' (1995) da, izan ere beste zenbait merezimenduren artean Donostia eta Reno hiriak 1990ean elkarrekin senidetzea gehien eragin zutenetakoa izan baitzen, bere aitaginarreba Robert Laxalt-ekin batera, hau ere lehenagotik Urrezko Danborduna (1986). Urza sortzaile duen USAC erakundea ere Donostiari lotua da eta 1982az geroztik milaka unibertsitari estatubatuar eraman ditu Irutxulo zaharrera, baita geroagotik Bilbora eta Pauera ere, ikastaroak eta ikasketak egitera.
Renotik, Gaztelupe koralaren talde osoa interstate 80 autobidea hartu eta lau ordutan iritsiko da San Frantziskora, Bay Areako South San Frantziskon egoitza duenb Basque Cultural Center-en (BCC) kontzertua emateko, bertako auditorium-ean. 1982ko otsailean inauguratua, instalazio ugariak dituen euskal etxea da BCC eta bere baitan garatzen da Kalifornia Iparraldeko euskal bizitza antolatuaren parte nagusiena. Biltzen ditu, besteak beste, jatetxea, kantxa armaila eta aldageladuna, bulegoak, liburutegia, auditorium edo ekitaldi aretoa, zenbait areto eta aparkaleku zabala; eta baita ere, eraikin ondoan ongi errotua eta hazten, Gernikako Arbolaren kimu bat, eta etxeko sarreran eta inguruan, historia eta egitate euskalamerikarraren lekuko eta erakusgarri diren objektu eta argazkiak.
Bidaia hauetan antolatzailekide edo leukoko eta partaide izan ohi den Mikel Soro kazetariak bere 'El coro Gaztelupe por elmundo' blogean azaldu duenez, Estatu Batuetara bidaiatuko den korala honakoek osatzen dute: tenoreak, Mikel Plazaola, Jesus Irigoien, Jesus Santos, Juan Otermin eta Jose Ramon Otero; bigarren tenoreak, Isidro Bengoetxea, Mikel Aldanondo eta Nika Danger; baritonoak, Manuel Arbiza, Bittor Alkorta eta Jose Manuel Soliño; eta baxuak, Josean Zubeldia eta Jean Marie Carricano; Jose Javier Etxeberria zuzendari.
Errepertorioak, bestalde, betiko euskal kantu tradizionalek osatuko dute, tartean Festara, El menú, Illunabarra, Kanta berri, Sagarraren, Ume eder bat, Itsasoan laino dago, Jeiki jeiki, Elurra, Boga boga, Maite eta Kalinka. Beste bat eskatuz geroz, Camino de San Petersburgo, Hegoak, Haurrak eta Agur Jaunak kantatuko dira.
Taldea gaur astelehena abiatuko da eta Los Angelesen emango dituzten hiru egunekin hasiko du bidaia, Las Vegasera joango dira ondoren, gero autobusa Death Valley eta Yosemire parkean barrena joango da, hortik Nevadan sartu eta Renora iristeko, eta bertatik atzera Kaliforniara, San Frantziskora eta bertan egun batzuk eman ondoren Los Angelesesaldera berriz ere, kostaldeko 1 errepidetik seguruenik, itzulera Euskal Herrira urriaren 14ean egiteko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus