euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bidai interesgarrietan euskal gizonen presentzia gogorarazten du liburu batean Angel Martinez Salazarrek

0999/12/31

Angel Martinez Salazar idazle eta kazetaria
Angel Martinez Salazar idazle eta kazetaria

PUBLIZITATEA

Amerika, Asia eta Afrikara bidaia egin dituzten hainbat euskal gizonen abenturak kontatzen ditu bere liburuan Angel Martinez Salazar idazle eta kazetariak: Euskal bidaiarien memoria. Esplorazioa eta abentura. Lehen begiradan badirudi euskal gizonek oso bidaia gutxi egin dituztela, baina istorio hauek guztiek kontrakoa esaten dute. Arrantzale eta marinelak izan dira munduan zehar bidai gehienak egin dituztenak, baina funtzionariek, abenturazaleek, piratek, soldaduek, geografoek edota biologoek ere abenturak izan dituzte eta idazlearen helburua hori izan da: hauen berri ematea.
Euskal bidaiarien memoria. Esplorazioa eta abentura liburuan Amerika, Asia eta Afrikan izandako euskal gizonen bidaiak eta abenturak kontatzen dira. Amerikan, adibidez, Pedro Urtsua eta Lope Agirrerekin topa gaitezke. Beren espedizio haluzinatu eta tragikoaren berri eduki daiteke kapitulu hori irakurtzean. Are tragikoagoa izan zen Cipriano Baratzeren istorioa non kanibalen esku hila gertatu zen. Horrela, beste hainbat pertsonaia ezagutu daitezke hainbeste euskaldun izandako kontinente honetan, hala nola, Martin Urtsua Maien hiri galduan, Juan Francisco Agirre Rio de la Platan ikerlari, Domingo Bonetxea Tahiti Irlan izandako abenturan, Jose Iturriaga Orinokoko espedizio batean edota Jose Antonio Agirre Kalifornian merkatari, besteak beste.

Afrikan eta Asian ere euskaldunek badituzte abenturak. Antoine eta Arnauld Abbadiatarrak, adibidez, Eritrea eta Etiopiako zenbait eskualdetan hainbat esplorazio egin zituzten. Bi anaien egonaldiak 1837tik 1848ra iraun zuen eta helburutzat zuten arlo desberdinetako ikerketa mota ugari egitea. Azkenik, Asian gizateriak asko zor dion misiolari eta naturista bat aurki daiteke. Bere izena Armand David da –bere izena daraman orein txiki bat eta Panda hartza aurkitu zituen, beste zenbait animalia eta landareren artean- eta Txinan eta Mongolian aritu zen naturalista gisa.

Angel Martinez Salazar idazlea eta kazetaria da. Nanclares de la Ocan jaio zen 1957an eta, Euskal Herriko zenbait komunikabideetarako lan egiteaz gain, hainbat liburu argitaratu ditu bere bizitzan zehar: Presencia alavesa en América y Filipinas (1988), Aquellos ojos extraños. Euskal Herria en los libros de viaje (1995), eta El señor de Itzea. Apuntes para una geografía barojiana (2002). 2004an Euskal bidaiarien memoria. Esplorazioa eta abentura liburua argitaratu zuen.


Lotura interesgarriak

Liburuari buruzko informazio gehiago
www.eleaeditorial.com

Angel Martinezen libururik salduenak
www.casadellibro.com



« aurrekoa

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia