euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi zerrendetako kide eta jarraitzaileen arteko eztabaidak FEVAKo hauteskundeen bezpera markatzen du

2008/03/13

FEVAren ikurra
FEVAren ikurra

PUBLIZITATEA

Bi egun baino ez dira falta FEVAren zuzendaritza batzordeko hauteskunte partzialak egiteko eta areagotu baino ez da egin bi zerrenden adierazpen isuria eta alde bateko eta besteko jarraitzaileen arteko eztabaida. Jarraian bidalitako e-mail eta adierazpen horietako batzuk laburtu eta sareratu egiten ditugu, gure irakurleei eritzi propioa osatzeko lagungarri izango direlakoan.
Martxoaren zazpian, eta buletin honetatik eritziak eta adierazpenak bidaltzeko egiten genuen gonbidapenari erantzunez, Sonia Gastaminzak e-mail bat helarazi zigun, bere aburuz 'FEVAn hobetu beharra izan dezaketen moldaerei buruz hitzegitea eta eztabaidatzea ona dela' esanaz. Irakurle honek, hala ere, zera gehitzen zuen: 'izugarria' iruditzen zaizkiola 'egunotan gurutzatzen ari diren e-mailen artean aurkitutako anonimoak, batez ere zakarrak, pertsonalak eta itzaletatik bidaliak' direnean. 'Horrela zer eraiki daiteke?', galdetzen du.

Jon Uriartek, 'FEVA para todos' zerrendako ahaldunak, bere aldetik, ohar bat idatzi zuen, zerrenda alternatibo bat egotea ez zuela ulertzen esanez, bere zerrendakide askok duten eritziarekin bat eginez. 'Ez dugu ulertzen zerrenda alternatiboaren proposamena, euskal etxe guztiek ze FEVA nahi zuten azaltzeko aukera izan zutelako eta eritzi horietatik atera zelako 2008-2011 laurteko plana, Mundu Biltzarrean aurkeztu zena'.

'FEVA para todos' zerrendak mezu eta e-mail gehiago bidali ditu egunotan --euskal etxeei zuzenduta-- bere kideek FEVAko zuzendaritzatik IV Mundu Biltzarrean Argentinako euskal etxeei buruz aurkeztu zuten txostena azalduz eta txostenaren emaitzen arabera adostu zen 2008-2011 laurteko plana bidaliz. Era berean IV Mundu Biltzarreko 54 konklusioak berbidali ditu, 'puntu horiek jarraituz 2008-2011 epealdiko ekimenak egingo' dituztela azalduz.

Bestalde, Josetxo Aguirre izenarekin bere burua aurkezten zuen komunikatzaile batek (euskal etxe bateko kidea zela zioen, baina zein den esan gabe) Uriarteri erantzuna bidali zion Amigo Juan Cruz izenburudun e-mail batean. Bertan 'idatzi dituzten e-mailen ildotik --ia-ia 'pandilleroak' direla esango nuke-- beste behin nire eritzi librea azaltzea erabaki dut' zioen. Beste e-mail batean, Acta, balances y avalancha de e-mails izenburupean, Aguirrek FEVAren hiru azken akten inguruko hausnarketak bidaltzen ditu, puntu batzuk kritikatuz.

Atzo bertan Jon Uriartek erantzun egin zion, Reflexiones II izenburudun mezuan, bere lehen idatziari eginiko kritikei erantzunez. Beranduxeago 'FEVA para todos' zerrendak bi e-mail bidali zituen, lehena Respuestas para Josetxo eta bigarren Otra más de Josetxo...y van...siempre anónimo, Josetxo Aguirrek eginiko kritikei erantzunez.

Aste honetan ere 'CCVV por la alternativa' zerrendak adierazpen berri bat argitaratu du bere blogean, El 15 de marzo tu Centro Vasco cambiará nuestra historia izenburuarekin. Bertan beste zerrendaren 'proposamen falta' kritikatzen dute eta euskal etxe guztiei hauteskundeetan parte hartu eta zerrendari botoa emateko gonbitea egiten diete, beste listak ere hautesleen babesa eta botoa eskatu duelarik.


Lotura interesgarriak

FEVA
www.fevaonline.org.ar

'Centros Vascos por la Alternativa' zerrendaren bloga
http://ccvvporlaalternativa.blogspot.com

Kanpaina gori-gorian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 7an

Bi zerrenda FEVAko lehendakaritzara hautagai
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 29an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia