Iruñea-Pamplona. Iruñean eta Nafarroan bertan bezala, nazioartean barreiaturiko Diasporak eta munduko euskal etxeek gogoz eta indar eraberrituz ekingo diote gaurtik aurrera Sanferminen 2022ko edizioari. Irrika berezia dago bat egiteko festarekin eta pandemiagatiko bi urteko hutsunearen ondotik hainbat izan dira Diasporan bateko edo besteko ekitaldiekin ospakizunarekin bat egingo duten euskal etxe eta elkarteak. Kubatik Txinaraino, New Yorketik Valentziaraino, British Columbiatik Patagoniaraino.
Hitzordu hauen xehetasun zabalagoa gure agendan topatu ahal izango duzu, baina San Fermin programa eta elkarretaratzeak antolatu dituzte, esaterako, Sydneyko Gure Txokoa Euskal Etxean, datorren larunbatean, San Fermin menu bereziarekin, arratsaldeko ordu bietan hasita gauera arte. Habanako AVNB Euskal Etxeak (Asociación Vasco Navarra de Beneficencia) hiriko Historialariaren Bulegoak Habana Zaharreko bere ibilbidera atzo Nafarroari eskaini ziola esan digu, AVNB partaide. EEak datorren iganderako deitu du, goizeko 10etan, San Ferminen alde topa egitera, dantzariak arituko dira, Sanferminetako musika lagun hitzordu osoan.
Valentzia, Vancouver...
Valentziako Euskal Etxeak gaurko 12etan Txupinazoa biziko du, 13etan pintxo-lehiaketa egingo, eta 15etan bazkari herrikoia iragartzen du. San Fermin Egunaren ospakizuna larunbatera pasatu dute, 12etan pintxo txapelketa eginez eta 14:30etan bazkaria. Musika eta Sanferminetako kantu eta aireak eta giroa ez dira faltako. Kanadan, British Columbiako Zazpiak Bat Euskal Etxeak larunbaterako egin du urteroko bere deia, barnealdeko Merritt herrian, bertako Central Park-en. Bertan, familia giroan janari aparta prestatuko dutela iragarri dute, Sanfermin musika eta dantzatzeko aukeraz, toka txapelketa egingo dute, haurrentzako jolasak, mus txapelketa eta haurrentzako entzierroa.
San Fermin Diasporan ospatzeko aurtengo deialdietako banner batzuk
Mexiko Hiriko Euskal Etxean ere larunbata izan da San Fermin jaia bertan ospatzeko hautatutako eguna: herri bazkaria egingo dute, zurigorriz jantzita joatea eskatzen da eta zezenen irudiek eta Sanferminetako musikak eta euskal doinuek protagonismoa izango dute egun osoan zehar. Estatu Batuetan, Idahoko hiriburu Boisen, Euskal Museo eta Kultura Etxeak 'Running of the Bars' antolatu du, sendotzeko bidea egin duen Sanferminen bertsio berezia, baina datorren asteko asteburura, uztailaren 16ra hain zuzen, atzeratu du. Gainerako hitzordu ia guztietan bezala, zurigorriz beztitua bertaratzea eskatzen da, eta Sanferminetako giroko poteo bat da Basque Block-eko eta erdiguneko zenbait taberna eta pubetan barrena. Ateratzen dirua Euskal Museoarentzat da.
Reno, New York, Argentina...
Boiseko ekimena duela urte batzuk hasi ziren egiten, eta arrakasta ikusirik, Renoko Zazpiak Bat Euskal Etxekoak ere ideia jaso eta berekotu zuten, eta aurten bihar bertan, San Fermin egunean egingo dute. Ibilbide hasiera, 18etan, Nevada Sunset Winery-n. Zapi edo mokanes gorririk ez dutenentzat, bertan salduko dituzte. Estatu Batuetako beste puntan, New Yorken, deialdi berezi bat egin dute 'Txipli, Txapla, Pum Amerikatik' proiektuko lagunek, uztailaren 7an Wall Street-eko zezenaren ondoan bildu eta elkarretaratzeko argazki eta bideoak ateratzeko, hemen ere zapi gorria lepoan.
Zalantzarik gabe, biltzen dituen ehun inguru euskal etxeekin, Argentina da Diasporan Sanferminak gehien ospatuko dituen herrialdea. Ezin guztiak aipatu, baina hitzordua uztailaren 7an finkatu duten euskal etxeen artean dago Azulgo Gure Txokoa; uztailaren 8an elkarretaratzeko deia egin dute Mendozako Denak Bat-ek eta Tres Arroyoseko Hiru Errekak; uztailaren 9an egingo dute euren San Fermin ospakizuna Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-ek, Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak-ek, Rosarioko Zazpirak Batek, Chivilcoyko Beti Aurrerak eta Olavarriako Gure Etxe Maiteak; eta 10ean, berriz, Bahia Blancako Unión Vascak, Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-ek, Tandilgo Gure Etxeak, La Platako Euzko Etxeak eta Pergaminoko Lagun Onak-ek, beste hainbaten artean.
Honako artikuluan bildu dugu Argentinako Nafar Etxeen ospakizunen berri.