euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi urte Euskal Asterik gabe, Argentinako euskal gizataldearen gogoa Macachinen bildu da bertako Euskal Asteburuan

2021/11/29

Macachingo "Euskal Asteburua 2021"ean desestalitako plakak eta asteburuko mugarrietako batzuk (argazkiak A. Beto Lamas eta ETB)
Macachingo "Euskal Asteburua 2021"ean desestalitako plakak eta asteburuko mugarrietako batzuk (argazkiak A. Beto Lamas eta ETB)

PUBLIZITATEA

Macachin, Argentina. Pandemiak azken bi urteotan eragin dituen egoera eta murriztapenen ondotik, asteburu berezia izan da azkeneko hau Argentinako euskal bizitzan, bi hitzordu berezirekin, Buenos Aires probintziako hiriburu La Platan bata –hizpide izango dugu ondoko egunetan– eta Macachinen, La Pampako probintzian, bestea, gogoan izanik gainera Macachin behar zuela izan, azkeneko bi urteotan bertan behera utzi den Euskal Aste Nazionalaren egoitza, eta bertan iragarrita dagoela 2022ra atzeratutako elkarretaratze handi honen hurrengo edizioa, egoera lagun.

Joan den asteburuan Macachinera biltzeko motibua, izan ere 'Euskal Asteburua'ren bigarren edizioa ospatzea izan da, eta honen barruan omenaldia egitea bertara azkeneko mende oso batean, 1860tik 1960ra, iritsitako euskal emigrazioari, baina emigrazio hori osatu zuten norbanako eta familiei, ikerlana medio euren izen-deiturekin, guztia bertako euskal komunitatea azken urteotan garatzen joan den 'Euskal Sustraiak - Raíces Vascas' programaren baitan.

Autoritateak eta ETB

Buenos Airesen egoitza duen Argentina-Mercosurrerako Euskadiren Ordezkaritzako buru Sara Pagola, bertan izan zen –FEVAko lehendakari Arantxa Anitua eta bertako autoritateen alboan, hamabost euskal etxetako buruzagiak ere lekuko eta partaide– eta ETBko kamerak bertaratu ziren, Diasporako bazter honetan gertatutakoaren irudiak eta kronika euren albiste.zerbitzuetako ikusleengana helaraziz.

Momentu hunkigarria izan zen Macachin aldera emigratutako 456 pertsonen izenak biltzen dituzten plaken inauguratzea Independentzia plazan, bertan hazten den Gernikako Arbolaren itzalpean, Euzko Alkartasuna hotel ikaragarriaren aurrean, ikurrina eta Argentinako bandera masta gainetik begira, eta han lehen lerroan azken belaunaldiko emigrante zaharrak lehentasunezko lekuan ikustea, tartean Macachingo Euzko Alkartasuna EEko lehendakari eta euskal erreferente den Iñaki Unamuno bergararra, Probintziako Parlamentuak berari emaniko 'Ciudadano Ilustre de La Pampa' jasotzen.

Hona Euskal Telebistako albistegietan bertako ekitaldiez emandako bideoa:

Jatorri ez euskalduneko macachindarrek ere bat egin zuten, eta bertako euskaldunentzat eta gainerako euskal etxe eta komunitateetatik bertaratutako lagunentzat, omenaldi eta elkarretaratzeak tamaina berezia hartu zuen, berez zeuzkan esangura eta balioez gain, aspaldi batean bildu ez izanak emozio ezaugarri bereziak ekarririk. Omenaldiko parte izan zen “Haritzetik Caldenera - Del Roble al Caldén” dokumentalaren estreinua, bideoa atzerabegirakoa Macachinerako euskal emigrazioari.

Programak dantza saioak, pilotarien bilkura eta partidak, jautzien tailerra, mus txapelketa eta partidak eta elkarretaratzeak ere batu zituen. Euzko Alkartasunak egindako deiak erantzun ederra lortu zuen, eta bertakoez gain bildu ziren, besteak beste, Bahía Blanca, Buenos Aires, Chacabuco, Chivilcoy, General Acha , La Plata, Laprida, Mar del Plata, Necochea, Pergamino, Río Colorado, Rosario, Santa Rosa, Trenque Lauquen eta Villa Maríako etorritako jendeak.

Zorionak omenduei, antolatzaileei eta partaide guztiei, eskerrik asko handi bat!



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia