euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bi Nafarroen Mintegia' bere III. edizioan bildu zen atzo Orreagan, Nafarroa Behereko eta Garaiko partaideekin

2007/03/24

Mintegiaren atzoko saioa, Orreagan. Hirugarren bildu ditu bi aldeetako nafarrak  (arg. N-ko G)
Mintegiaren atzoko saioa, Orreagan. Hirugarren bildu ditu bi aldeetako nafarrak (arg. N-ko G)

PUBLIZITATEA

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo sailburua, Juan Ramon Corpas, eta Pirineo Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakariorde den Barthélemy Aguerre baxenabartarra Orreagara bildu ziren atzo, 'Bi Nafarroen Mintegia' izeneko bilkuraren hirugarren edizioan, Pirineo bi aldeetako beste zenbait ordezkari politiko eta profesorerekin batera. Gogoan eduki behar da bi Nafarroak 1512an banatu zirela, Gaztelako Fernando Errege Katolikoaren tropek ordura arte Nafarroako Erresuma independentea zena konkistatu eta egun Nafarroako Foru Komunitatea dena orduan sortzen ari zen Espainiako parte bilakarazi zutenean, geroago Nafarroa Beherea ere, bere aldetik, Frantziako Koroako parte bilakatuko zelarik.
Jesus Labiano Orreagako prioreak egin zien harrera bertaratutakoei, Orreagako Kolegio-elizan, erromesaren bedeinkapena emanez. Ondoren, Itzandegia bilakatu zen lan-saioen egoitza eta bertan hartu zuten hitza Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorreko lehendakariorde den Barthélemy Aguerre baxenabartarrak eta Juan Ramon Corpas Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo sailburuak. Hori, elkarretaratzearen izena soilik gaztelaniaz eta frantsesez zeukan afixa handi batean azpian: 'Seminario de encuentro de las dos Navarras – Séminaire sur la Navarre'.

Corpas sailburuak nabarmendu zuen Pirinioetako bi aldeen arteko harremana ona dela, eta gauzatzen ari diren proiektu bateratuak aipatu zituen, adibide gisa ipiniz Panorama bilduman Donibane Garaziren inguruan argitaratuko den ale;, industri arkeologiari buruzko aldizkari baten plazaratzea; Juan Huarte de San Juan Zientzia Kolegioarekiko lankidetza, eta Donejakue Bidearen seinaleztatzea Donibane Garazin. Sailburuak jakinarazi zuen baita ere Mintegiaren hurrengo bilera Donapaleun egingo dela, gobernu nafarrak bere webgunean biltzen duenez.

Konkistaren ondorioak

Ondoren, Alcalako Unibertsitate madrildarreko Alfredo Floristán Imízcoz irakasleak hitzaldia eman zuen, honako izenburuz "1512etik: Nafarroa Espainiako monarkian". Irakasleak esan zuenaren arabera, Nafarroako Erresumaren konkistak bi Nafarroak orduan eraikitze bidean zeuden Espainiako eta Frantziako monarkietan sartzeko prozesua hasi zuen. Bere iritziz, "egokia da anexioaz eta konkistaz hitz egitea, baina borondatezko bateratzea eta eranstea ere badira, garaiaren eta taldearen interesen arabera".

Alde horretatik, nabarmendu zuen konkistak herrialde barruko botere harremanak hautsi zituela, adieraziz konkistaren ondorioz berriz osatu behar izan zela nortasun kolektiboa. Historialariak iradoki zuen hemendik bost urtera, konkistaren bosgarren mendeurrena heltzen denean, ez direla ospatu behar "konkista eta haustura bakarrik, bi Nafarroen birsortze prozesuak ere baizik Frantzia eta Espainiaren baitan, eta euren egungo bertopatzea".

Nafarroa Beheretik etorria, Pierre Bidart irakasleak "bi Nafarroak hirurehun urtean inkomunikatuta" egon direla aipatu zuen bere solasean.

Kultur loturak eta mugaz gaineko lankidetza

Partaidetza horien ondoren, mugaz gaindiko lankidetza lotura kulturalen gaineko mahaingurua egin zuten, bertako solaskide aritu zirela Víctor Manuel Arbeloa; Jean-Jacques Loustaudaudine, Donapaleuko alkatea; Lucien Humic doktorea, Nafarroa Zaharreko Lagunen elkarteko lehendakaria; Juan Ramón Corpas Mauleón, Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo kontseilaria; eta José Fernández D’Arlás, Urdazubiko Donejakue Bidearen Lagunak elkarteko lehendakaria. Biltzarra 13.15ean amaiturik, bertaratutakoek Orreagako Museoa bisitatu zuten.

Bi Nafarroen Mintegia Nafarroako Gobernuak sustatutako ekimena da, lankide dituela Pirinioetako Atlantikoetako Kontseilu Orokorra, Nafarroa Zaharraren Lagunak elkartea eta Izpegi Batzordea. Urtero egiten da, Pirinioetako bi alderdien arteko trukeak eta kultur harremanak bultzatze aldera. Lehenengo elkarretaratzea 2005ean egin zen, Baigorrin; bigarrena, berriz, iaz, Iruñean, Nafarroako Artxibo Nagusian.


Lotura interesgarriak

Nafarroako Gobernuaren webgunea, euskaraz
www.navarra.es

Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorraren webgunea
www.cg64.fr

Nabarralde elkartea
www.nabarralde.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia