euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi mila lagun bildu dira Chivilcoyko Euskal Etxera, Immigrazioari buruzko erakusketa ibiltaria ikustera

2010/05/12

Chivilcoy-ko hainbat ikaslek interesez bisitatu dute Immigrazioari buruzko erakusketa bertako Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitzan.
Chivilcoy-ko hainbat ikaslek interesez bisitatu dute Immigrazioari buruzko erakusketa bertako Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitzan.

PUBLIZITATEA

Argentinako Iraultzaren Bigarren Mendeurrena dela eta, Chivilkoyko Beti Aurrera Euskal Etxeak ateak ireki zizkion Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionalak prestatutako erakusketari. Joan den astean, maiatzaren 6tik 8ra bitarteko hiru egunetan, zortziehun bat ikasle eta mila eta berrehun herritar inguru bertaratu ziren euskal egoitzara, Argentinaren historian hain garrantzitsua izan den immigrazioaren prozesuan modu berri eta erakargarri batez murgiltzeko asmotan. Herrialdeko beste euskal etxe batzuetan ere ikusgai egon den erakusketa honek Chivilcoy-n ere espero zitekeen arrakasta lortu du eta ekimenari amaiera emateko, joan den larunbatean eginiko amaiera ekitaldian Euskal Etxeko dantzariek beren dantzak erakutsi zituzten eta herriko alkate Anibal Pitellik hitz batzuk zuzendu zizkion bertara bildutako jendeari.

Chivilcoy, Argentina. Buenos Aires hirian egoitza duen Argentinako Immigrazioaren Museo Nazionalak urtetan egindako lana ezagutarazi nahi zuen hiriburutik kanpo, eta asmo hortarik etorri zen immigrazioari buruzko erakusketa ibiltaria barrualdeko herrietara ekartzeko ekimena. Proiektu honen baitan, pasa den maiatzaren 6, 7 eta 8an ikusgai egon da erakusketa Chivilcoy-en, Beti Aurrera Euskal Etxearen egoitzan. "Antolaketaren ardura geurea izan den arren, herriko kolektibitate guztien ordezkari gisa egin dugu", azpimarratzen zuen Luis Goicoechea Euskal Etxeko lehendakariak. "Gainera, Iraultzaren Bigarren Mendeurrena ospatzen ari garenez, erakusketa ekartzeko momentua ezin hobea zela pentsatu genuen, immigrazioa gure herrialdearen historiaren benetako ikurra baita", gehituz.

"Ekimenak argazkiak, bideoak eta dokumentalak hartzen ditu oinarri; hala ere, Hego Ameriketako Migrazio-Ikasketa Zentroak digitalizatutako liburu zaharreko datuak ere eskaintzen dira, esan nahi baita 1880 eta 1950 artean argentinaratu ziren itsasontziei buruzko jakingarriak", azaldu du Martín Berlini Museoko arduradunetakoa denak.

Immigrazioari buruzko erakusketa Chivilcoy-en 2010 1

[Erakusketaren inguruan dokumentalak erakutsi ziren]

Hiru egunez, hainbat eskolatako 800 ikaslek baliatu ahal izan zuten Beti Aurrerak eskainitako aukera. Tartean Oinarrizko Bigarren Merkatzaritza Eskola, Goi Mailako Merkatzaritza Eskola, Crear Ikastetxea, Integral Ikastetxea, Nuestra Señora de la Misericordia Ikastetxea, Santa Cecilia Ikastetxea, 202 zenbakidun Eskola, 23 zenbakidun Eskola, 5 zenbakidun Eskola, eta Normal eta Nazional eskolak.

Immigrazioari buruzko erakusketa Chivilcoy-n 2010 2

[Chivilcoy-ko Beti Aurrera Euskal Etxeko dantzariek itxiera ekitaldian dantzatu zuten]

Erakustaldia bukatzeko, larunbatean eta Beti Aurreraren egoitzan, Chivilcoy-ko alkateak, Anibal Pitellik lagundu zituen euskal etxeko kideak eta mintzaldi labur bat eman zuen. Ondoren dantzariek Euskal Herriko dantzekin itxi zuten elkarretaratzea. Euskal Etxeko Batzordeak esker beroak eman nahi dizkie Udaletxeari eta orokorrean herriko jendeari, jasotako atxikimendu-adierazpenengatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia