euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Bi Idiazabal, mendeurren bat', herrimina eta herri berriarekiko maitasuna batzen dituen liburua

2010/12/30

'Bi Idiazabal, mendeurren bat' liburuaren azala
'Bi Idiazabal, mendeurren bat' liburuaren azala

PUBLIZITATEA

Ehun urte bete ditu aurten Argentinako Idiazabal herriak. Cordoba probintzia barnealdean dagoen herri honek senidetza harreman berezia dauka Gipuzkoako Goierrin dagoen Idiazabal herriarekin; izan ere, hangoa zen Hego Ameriketako Idiazabal-en sortzailea Demetrio Jauregialtzo. Mendeurrena dela eta, Angel Jose Martini herri argentinarreko seme maiteak herriaren historiari buruzko liburua idatzi zuen, 'Bi Idiazabal, mendeurren bat'. Testuan, immigranteen istorio, pasadizo, tristura eta itxaropenak kontatzen ditu Martinik, azken mendearen lekuko baliotsuak.

Villa Allende, Argentina. “Kontakizunak biltzen hasi nintzenean, ez nuen liburua idazteko asmorik. Nire herriaren mendeurrena zen eta jendeak, batez ere gazteek, beste garai bateko bizipenak gogora zitzatela nahi nuen. Hori zen nire helburu bakarra”, erantzun dio Angel Jose Martinik EuskalKultura.com-i 'Bi Idiazabal, mendeurren bat' liburua idazteko ideia nola sortu zen galdetutakoan. “Baina ez ditut laburpenak gustuko eta gainera neure bizitzako pasadizo anitz nituen jendearekin konpartitzeko. Beraz, mendeurrena eta herriaren sortzailearen oroipena ahaztu gabe, gure Idiazabal ondo deskribatzen dituen ehunka istorio eskaintzen ditut liburuan”.

Testuak oso mezu argia dauka azaltzen du Martinik. “Leku askotatik etorritako immigranteek amets eta itxaropenak zekartzaten. Baina herrimina ere bai. Bide batez, jaso zituen herrialdearekin oso eskertuta zeuden. Ikus daitekenez, mota askotako sentimenduak nahasten ziren etorkinen eguneroko bizitzan, eta hori zen nik ezagutzera eman nahi nuen mezua”. Eta agian sentimendu horiek izan ziren Demetrio Jauregialtzo jauna Argentinako herria sortzera bultzatu zutenak.

Bi herri Idiazabal izenekoak

Historiak dioenez, hainbat euskaldun bezala, Demetrio Jauregialtzok bere jaioterria, Gipuzkoako Idiazabal hain zuzen, utzi behar izan zuen, eta Ameriketara etorri. Dirutza egin ondoren, Jauregialtzok lursail asko erosi zituen Cordoba probintzian. Denboren poderioz, eta trenbidea eraikitzeko garaian, Jauregialtzok bere lurraren zati bat utzi zion herriari trena hortik pasatzeko, baina baldintza batekin: geltokiaren inguruan altxatuko zen herriari Idiazabal izena jartzea.

Herriko istorioen biltzailea

Liburuaren egileak ez du arbaso euskaldunik. Are gehiago, ez du Euskal Herria ezta bertako euskaldunekin kontakturik ere; baina estimu handitan dauka Pirinioetatik etorritako jendea. “Txiki guztiek bezala ez nintzen nire lagunen jatorriak ezberdintzeko gauza. Ez zitzaidan interesatzen ere. Baina orain, atzera begiratuta, ohartzen naiz nire lagun kutunenak euskaldunen ondorengoak zirela... Domitila de Pac, Paquita Jaurena, Uria eta Jaca familiak... Gogoan daukat ere 'Los vascos' izeneko denda. Nire neba nagusiak lan egin zuen hor eta nik oroimen onak baino ez ditu. Hau dena kontutan hartzen Euskal Herriko jendea bikaina dela esan dezaket”.

Angel Jose Martini Idiazabal argentinarrean jaio zen 1940an eta nahiz eta gaur Cordobako Villa Allenden bizi, azken mende honetako herrian gertatu ziren hainbat aldaketen lekuko baliotsua da. Iragana ahaztu ez dadila ekin zion Martinik liburua idazteko lanari eta pozik dago emaitzarekin. “Nire xedea, mendeurrenaren ospakizunetan, gure herriko eta gure jendearen istorioak gogora ekartzea zen. Kari horretara, ale gutxiko tirada egin genuen, uste genuelako herritik at ez zuen interesa piztuko. Baina nire laguna Carlos Cerutti-ri esker, berak egindako hedapenari esker, espero ez nuen oihartzuna izan du nire lanak eta poz-pozik nago”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia