Macachín, Argentina. Pandemia medio birritan bertan behera utzi behar izan ondoren, 2022 honetan bai doa aurrera Macachingo (La Pampa) Euskal Aste Nazionala, Argentinako euskal komunitatearen urteko hitzordu nagusia. Bertako euskaldunak eta Macachingo herria oro har prestatzen ari da Euskal Herriko gonbidatu eta partaideak eta Argentinako osoko hainbat delegazio errezibitzeko eta diaspora osoko lagunei harrera egiteko urriaren 3tik 10era luzatuko den astean, 10a, astelehena, jai delarik Argentinan.
Barakaldotik (Bizkaia), Laguntasuna Dantza Taldeko dantzarien ordezkaritza zabala bertaratuko da. Gipuzkoatik, Arrasateko kooperatibetako ordezkariak. Iparraldetik, Euskal Argentina elkarteko ordezkariak bilduko dira, Hazparneko joaldun talde handi baten partaidetza goaitatzen da, eta Olentzeroren lagunak izeneko elkarteko kideek ere parte hartuko dutela baieztatu dute, azken hauen kasuan euren jarduera eta Olentzerok euskal kulturan duen garrantziari buruzko hitzaldia ere barne.
Udal eta probintzia mailako interesekoa
Programak ohiko kronograma garatuko du eta tarteko izango dira FEVA, liburuzain eta dantzari taldeen zuzendarien bilerak, euskal etxeetako abesbatzen topaketa, mintzodromoak, euskal kirol eta dantza tradizionalen erakustaldia, danborrada, kalejira, erromeriak eta, oraingo honetan, gautxoen kulturaren abilezia kreolearen erakustaldia Macachingo Euzko Alkartasunak herri kanpoaldean duen hipodromo eta olgetarako parkean.
Macachingo Euskal Aste Nazionala udal eta probintzia mailako interesekoa izendatu dute.
Erreserbak egin al dituzu?
Bestalde, gogora arazten zaie bertaratzeko asmoa dutenei Macachinek oso hotel-eskaintza txikia duela, dagoeneko betea. Antolatzaileek lan handia hartu dute bertaratuko direnei informazioa emateko eta kontaktuak eta voucherrak eskuratzea errazteko. Lo egiteko aukera dago ostatu pribatuetan, etxeetan, apartamentuetan, ikastetxeren batean. Argibideak edo programa eguneratua lortu edo beste edozein kontsultarako, idatzi semanavasca2022 @gmail.com helbidera. Erreserba behar baduzu, ez atzeratu eta idatzi, hau baita bide bakarra; voucherren behin-betiko prezioak finkatzen direnean, adieraziko dira, erreserbak egin eta aurrera egin ahal izateko.
Hona oraingoz eskain dezakegun programaren hurrerapena. Datozen asteetan joango dira zehaztu eta iragartzen:
Urriaren 3, 4 eta 5ean, astelehen, astearte eta asteazkena
- Mus txapelketa
- Pilota txapelketa zonala
- Argazki erakusketa Euskal Aste Nazionalei buruz, hitzaldiak eta erakusketak
Urriaren 6an, osteguna
- harrera ordezkaritzei
- Afaria
Urriaren 7an, ostirala
- Gosaria eta harrera ordezkaritzei
- Bilerak
- Mintzodromoa I (euskarara hurbildu nahi dutenentzako gune berezia)
- Txupinazoa, afaria eta erromeria
Urriaren 8an, larunbata
- Gosaria eta harrera ordezkaritzei
- Bilerak
- Mintzodromoa II
- Herri kirolak
- Danborrada eta kalejira
- Dantza erakustaldia
- Afaltzeko txosnak eta erromeria
Urriaren 9, igandea:
- Meza
- Bazkaria
- Dantza Talde guztien erakustaldia plazan
- Afaltzeko txosnak
- Sutegia musikarekin
Urriaren 10, astelehena
- Gosaria, azken agurrak
Aupa Macachin!