euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi gazte ingeles Euskal Herrian zehar bidaia egiten ari dira bizikletan, aitonak duela 100 urte egin zuenaren lorratzetan

2008/08/08

James eta Robert White bidaiaren hasieran (argazkia sagegrouse.net)
James eta Robert White bidaiaren hasieran (argazkia sagegrouse.net)

PUBLIZITATEA

1908. urtean Ted Popple margolaria eta bere lagun Crawford Plenderleith Ingalaterrako Berkhamsted herritik atera ziren eta ia mila kilometroko bidaia egin zuten Euskal Herrira iritsiz. Bidaian zehar Popplek, bisitatzen zituzten herrietako ur-margoak jaso zituen liburu batean. Orain, mende bat beranduago, bere bilobek liburua argitaratu, eta une hauetan Euskal Herrian dabiltza aitonak eginiko bidea berriz ere egiten. Antzinako bidaia-kaiera orain interneteko bitakora bihurtu da, baina.

Donostia-San Sebastian. The Charm of Travel (Bidaiatzearen lilura), horixe da orain dela 100 urte Ted Popple-k Euskal Herrian zehar egin zuen bidaian idatzi zuen liburua. Popplek eta Crawford Plenderleith bere lagunak Mantxako Kanala igaro eta Frantziako kostaldetik Donostiaraino jo zuten bizikletaz. Gero Iruñera heldu ziren eta bertatik, Pirinioetan barrena, berriz iparralderuntz. Zalantzarik gabe bikote xelebrea irudituko zitzaien bisitatu zituzten herri txikietako biztanleei: bi ingeles bizikletan eta twedd trajeekin jantzita abuztuko sargorian.

Mende baten ondoren bi bilobak, James eta Robert Whitek, bizikletan ibiltzeko arropa egokiagoak jantzi dituzte, aitonak egin zuen bidea jarraitzeko. 'Gure asmoa bidaia hura berriz ere egitea da, baina era modernoagoan. Gure bizikletak kanbioak dituzte (garai haietan asmatugabeak) eta erdia pisatzen dute. Eta guk ez dugu tweed-ek jantziko', azaltzen dute euren webgunean. 'Gainera, margoak egin ordez guk argazkiak eta bideoak aterako ditugu'. Bi gazteek aitonak lo egin zuen ostatu beretara joateko asmoa dute (oraindik dirautenen kasuan, behintzat).

1908ko Euskal Herriaren irudiak

Popple irakaslea zen, baina margolaritza oso gustukoa zuen eta bidaian zehar topatzen zituzten herri, jende eta gertaerak urmagotan jaso zituen. Bidaia-kaiera hura galdu egin zen urte askotan, baina azkenean bilobek aurkitu eta argitara eman dute.

Popplen margoa

 ['The Charm of Travel' liburuaren azaleko urmagoa]

'Liburua pasadizo bitxi eta gogoeta zorrotzez beteta dago. Orain desagertua den bizimodu bat jasotzen du', aipatzen du James Whitek. 'Lurrezko errepidetan zehar ibili ziren, euren bizikletetan, tweed jantziak soinean eta abuztuko beroak itota. Bidean txerpolariak aurkitu zituzten, txakurrek eraso egin zieten, leizetan galdu ziren eta Piriniotan erbesteratutako ingeles idazleak ezagutu zituzten', aipatzen du Whitek, beraiek zer topatuko ote duten imajinatu nahian.

Bidaiari buruzko informazio gehiago, hemen.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia