euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Bi Gara’, oroigarri "original eta erabilgarriak", Argentinako Pergamino hirian egindakoak eta euskal motibodun

2016/10/25

'Bi Gara' markako produktuak
'Bi Gara' markako produktuak

PUBLIZITATEA

Mota askotako produktuak diseinatzen eta saltzen dituzte Argentinako Pergaminotik Valentina Miguelena eta Eliana Dubarry euskal argentinarrek ‘Bi Gara’ euskal markarekin. Abarkak gordetzeko poltsak, kalimotxoa edateko edalontziak eta pitxer termikoak dira eskaintzen dituzten euskal oroigarrietako batzuk. Produktuak salgai daude Pergaminon eta Buenos Airesen, baina on line ere eska daitezke eta Argentina osora bidaltzen dira, baita urrutiagora, eurekin hala adosten bada.

Pergamino, Argentina. Dauzkaten euskal abizenetatik haratago doa Valentina Miguelena eta Eliana Dubarry 'Bi gara' markaren sortzaileek euren euskal jatorriarekin daukaten lotura eta engaiamendua. Argi adierazten dute euren bizitzetan “Euskal Etxea gure bigarren etxea d(el)a". "Bertan euskal sustraiekiko maitasuna konpartitzen dugu gauza bera sentitzen duten hainbat lagunekin”. Izan ere, txiki-txikitatik dabiltza biak euskal munduan sartuta. Valentinaren kasuan, Pergaminoko Lagun Onak euskal etxeko betiko familia baten baitan jaioa, bi hilabete baino ez zituen aitak Euskal Etxera eraman zuenean. Oso ometan hasi zen dantzari eta gaur egun instituzioko sukaldaritza taldean aritzen da.

Eliana ez da pergaminotarra chacabucotarra baizik, eta bere jaioterriko Guillermo Larregui euskal etxera hiru urterekin hasi zen joatean. Orain urtebete Pergaminora mugitu zen eta hiri berrira iritsi bezain laster bertako Euskal Etxera hurbildu zen. Gaur egun Goizeko Izarra dantza taldeko kide da.

‘Bi Gara’

Euskal giroak murgilduta, ‘Bi Gara’ proiektuari ekin diote aurten gazteek, euren bi pasioak –diseinua eta euskal kultura– batuta; eta, esaten dietenez, asmatu egin dute euskal diaspora argentinarrean zegoen hutsune bat betetzerakoan. Valentinak EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “2014ko ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian ikusi genuen bazegoela nolabaiteko ‘euskal merchandising’a baina gure ustez ez zen oso originala. Irudiak eta gauzak –lauburuak eta ikurrinak– behin eta berriro errepikatzen ziren eta aldi berean, gauza praktiko edo 'erabilgarri' gutxi eskaintzen zen. Guk uste dugu euskal kultura irudikatzeko badaudela beste hainbat forma, eta batez ere objektu praktikoagoak eskaini nahi ditugu”.

Xede horrekin, diseinu originalekin azaldu ziren aurten, lehen aldiz ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian. Bertan abarkak eramateko poltsak, beirazko botilak, kalimotxoa edateko edalontziak, poltsa ekologikoak, pegatinak, pitxar termikoak eta termo-zorroak jarri zituzten salgai. “Proposamenak oso arrakastatsuak izan ziren. Abarka-zorroak, edo edalontziak eta pitxarrak oso erakargarriak dira eta jendeari izugarri gustatzen zaizkio. Erabili ditzateken gauzak dira. Horregatik, laster eta dantzariei begira, dantzatzeko arropak eramateko poltsak ere egingo ditugu. Eta mateak eta pitxar termiko berriak ere bai ”, jakinarazi digu diseinatzaileak.

Non aurkitu

‘Bi Gara’ markako produktuak Pergaminoko Wakamole dendan (Pueyrredon kaleko 646. zenbakian), eta Buenos Airesko Euskaltzaleak-en (Bernardo de Irigoyen kaleko 826. zenbakian) aurki daitezke. Facebook-en ere badaude ‘Bi Gara’ izenpean. Bertan eskaerak egin daitezke eta igorpena adostu saltzaile eta erosleen artean. “Momentu honetan, adibidez, Necocheako Euskal Astea oso gertu dagoenez, eskaera asko jasotzen ari gara Euskal Astean entregatzeko, erosleei bertan eskuz-esku emateko eta bidaltze gastuak ekiditeko, beraz. Interesa dutenek Facebook bidez edo emailez bigaravascas@hotmail.com kontakta dezakete eta gustura eramango diegu eskatutakoa Necocheara”, proposatzen dute. Baina zabalik daude bestela ere gauzak adostu eta Argentina kanpoko leku urrunagotara ere bidaltzeko. Instagram-en ere badaude, bi.gara izeneko kontuan.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia