euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi euskal film luze saritu ditu Nantesko Zinemaldiak: "Emak bakia baita" eta "Miel de naranjas"

2013/04/11

PUBLIZITATEA

Urtero legez, Nantesko Zinemaldiak leku zabala eskaini dio euskal zinemagintzari, "La Fenetre Basque" atalarekin. Aurten, horrez gain, bi euskal filmek saria jaso dute jaialdian: Oskar Alegria iruinsemearen “Emak bakia baita" filmak Dokumental Onenaren saria eskuratu du, eta Imanol Uriberen "Miel de Naranjas" lanak Ikusleen Saria. Etxepare Institutuak euskal film horien partehartzea sustatu du eta Aizpea Goenaga, erakundearen zuzendaria, bertan izan da.

Nantes, Frantzia. Nantesko Espainiar Zinema Jaialdian 16 euskal film luze eta labur izan dira ikusgai aurten. Horietatik lau izan dira lehiaketa ofizialean partaide:  “Miel de Naranjas” (Imanol Uribe, 2012), “Emak bakia baita” (Oskar Alegria, 2012), “Deus et machina” (Koldo Almandoz, 2012) eta “Hamaiketakoa” (Telmo Esnal, 2012). Lehen biek sari bana eskuratu dute: Dokumental Onenaren saria jaso du "Emak Bakia baita" filmak eta Ikusleen Saria "Miel de naranjas" luzemetraiak.

Fenêtre Basque izeneko atalean izan dira ikusgai beste euskal lanak, Etxepare Euskal Institutaren laguntzarekin. Film luzeei dagokienez, bertan aurkeztu dira “Blancanieves” (Pablo Berger, 2011), “Bypass” (Patxo Telleria, Aitor Mazo, 2011), “La conspiración” (Pedro Olea, 2011), “Gernika bajo las bombas” (Luis Marías, 2012), “Mur-Mur” (Juanmi Gutierrez, 2012), “To say goodbye” (Matt Richards, 2012) eta “Zuloak” (Fermin Muguruza, 2012).

Joxean Fernandez, Imanol Uribe, Aizpea Goenaga. Imagen: Jorge Fuembuena

[Joxean Fernandez, Euskadiko Filmategiko zuzendaria; Imanol Uribe zinemagilea eta Aizpea Goenaga, Etxepare Institutuaren zuzendaria, Nantesko Zinemaldian (argazkia Jorge Fuembuena)]

Horrez gain, Kimuak programako euskal film labur batzuk ere izan ziren ikusgai, zehazki “Beerburg” (Ander Mendia, 2012), “¡Agua!” (Mikel Rueda, 2012), “Casa vacía” (Jesus Mª Palacios, 2012), “Los monstruos no existen” (Paul Urkijo, 2012) eta “Bajo la almohada” (Isabel Herguera, 2012).

"Emak Bakia baita" Erroman eta, gaur, Madrilen

Aipagarria da "Emak bakia baita” dokumentalak nazioartean izan duen harrera beroa. Hainbat zinemaldietan eta Diasporan ere ikusgai izan da; iragan larunbatean, esaterako, Erromako Cineclub Detour, aretoan aurkeztu zen, Associazione Culturale Euskarak eta UPTER unibertsitateko Euskara Sailak antolatu zuten emanaldi berezian.

Hurrengo geltokia Madril izango du: gaur bertan Matadero Kulturguneko Zinetekan estreinatuko da lana (datozen egunetan zenbait emanaldi izango ditu, hilaren 26a bitartean).



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia