Arrecifes, Argentina. Urte berezi batean, festa berezia. Arrecifesko Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxea 100 urte betetzen ari da aurten. Urteko ospakizunen egitaraupean, datorren asteburuan Euskal Etxeak urtero jai nagusi eta kuttunena duen San Ignazio festa ospatuko du, eta proposamen berezi baten proposamena eginez aurtengoan. Bi topaketa-egun izango dira, larunbat eta igande, uztailaren 30a eta 31a, eta Arrecifes bertako bazkide, lagun eta auzokoez gain, bertan parte hartuko dute Argentinako beste euskal etxe batzuetako adiskideek, “La Vasca”rekin bat eginez EDBren jai handi honetan.
Larunbatean, euskal etxeko tabernan, arratsaldeko 5etatik aurrera, hainbat kultur tailer eskainiko dituzte, doan: bertako artista Luis Budnik-ek marrazki tailerra emango du, Gernikako haritza ardatz; Anabel Jaureguiberryk, pandero tailerra; Sebastian Amayak, euskara tailerra eskainiko du; eta Txitxo Abasolok, euskal zeramikakoa; eta mus tailerra ere segitu ahal izango da. Arratsaldeak kantina zerbitzua eta erromeria ere eskainiko ditu. Azpimarratzekoa, tailer guztiak doakoak izango dira eta baita erromeriarako sarrera ere. Izan ere, Arrecifesko Euskal Etxeko antolatzaileek argi izan dute, Argentinak bizi duen egoeran, ez zutela inor ospakizunetik kanpo utzi nahi, eta horregatik, bakoitzari bere ahalen eta borondatearen araberako ekarpena baino ez diote eskatu.
Uztailaren 31ean Mendeurreneko San Ignazio
Igandean ekitaldiak goizeko 11etan jarraituko du, San Ignazio Eguneko mezarekin, ondoren plaza dantzak eta kalejira. Bazkarirako, proposamen herrikoi interesgarria, euskal plater tipikoak, horretarako propio lankide gonbidatu diren zenbait euskal etxetako sukaldarien eskutik: eskaintza horretako parte, San Nicolaseko sukaldariek arroza txipiroiekin prestatuko dute; Pergaminokoek, oilaskoa piperradarekin; Buenos Airesko Euskaltzaleak-ekoek, tortilla eta urdaiazpiko pintxoak; eta Arrecifes bertakoek, txistorra bokatak.
Musikarik ere ez da faltako: Arrecifesko “Maral” talde ezagunak kontzertu berezia emango du, eta seguru jendeak euren euskal errepertorioko kantuak, hitzak eta guzti segitu eta dantzatuko dituela; EDBko Ugarritzak dantza taldeak ere emanaldia eskainiko du. Ondoren, erromeriak jarraituko du Jony Morales DJaren eskutik, eta txikienek zein hain txikiak ez direnek txokolatea eta opilak dastatu ahal izango dituzte. Euskal etxeko kideak gogotsu ari dira, pozik eta hunkituta, eurentzat han esanguratsua den eguna lagunekin partekatu ahal izango dutelako.
Guztian pentsatzen saiatu dira, eta bi egun hauetan jende asko eta oso giro ona espero dutenez, asteburua bertan pasatu eta ostatu hartu nahi dutenen lekuak ere jarri dira, beste herri eta euskal etxe batzuetatik hurbilduko direnei gauzak erraztu nahian. Hori bada zure kasua, eta non lo egin bilatu nah baduzu, 2478498361 zenbakira ditu eta argibideak emango dizkizute.
Tailerretan aldez aurretik izena emateko, 11 6237 4343 telefonora deitu.
Zorionak, Euskaldunak Denak Bat, eta ondoko ehun urteak ere orain artekoak bezain oparo eta emankorrak izan daitezela!