euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bi eguneko ikastaro bat eman dute UVV-Udako Euskal Unibertsitateko irakasleek Gral. Madariaga herrian

2012/07/09

Jorge Beramendi, Enrique Aramburu, Luis Luquez, Marite Echegoyen, Jorge Otaño, Carlos Irisarri, Txarito Naya eta Federico Intxauspe Udako Euskal Unibertsitateko ordezkariak (argazkiaUVV)
Jorge Beramendi, Enrique Aramburu, Luis Luquez, Marite Echegoyen, Jorge Otaño, Carlos Irisarri, Txarito Naya eta Federico Intxauspe Udako Euskal Unibertsitateko ordezkariak (argazkiaUVV)

PUBLIZITATEA

2010ean hasitako proposamenari jarraituz, berriro ere atera dira Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak Buenos Airestik kanpo kultur ikastaro bat ematera. Gogora dezagun duela bi urte Tres Lomasen eskainitako ikastaroaz gain, Pergaminon eta San Nicolasen ere aritu izan direla Unibertsitateko ordezkariak 2011 eta 2012an. Oraingo hitzordua Gral. Madariaga herriko Kultur Etxean izan da, bertara lagun mordoa bildurik Euskal Herriari buruzko gaietan adituak diren Udako Euskal Unibertsitateko irakasleak entzutera. Datozen ekintzei dagokienez, Unibertsitateko arduradunek gogorarazi nahi dute Euskal Ikasketen 'Buenos Aires 2012' Jardunaldietarako lanak aurkezteko epea ostiralean, uztailaren 13an, bukatuko dela.

Gral. Madariaga, Argentina. Bi eguneko ikastaro bat eskaini zuen Udako Euskal Unibertsitateko irakasle talde batek ekainaren 29 eta 30ean Buenos Aires probintziako kostaldeko Gral. Madariaga herrian. Herriko Kultur, Hezkuntza eta Komunikazio Idazkaritzak gonbidaturik, Euskal Herriko kulturarekin lotura duten hainbat gai jorratu zituzten Euskal Echea Elkarteak bultzatzen duen proiektuko ordezkariek.

Kurtsoari hasiera emateko, Gabriel Villalón kultur idazkariak eta Enrique Aranburu Unibertsitateko koordinatzaileak ongietorria eman eta hitz batzuk zuzendu zizkioten publikoari. Hasierako hitzaldia bukatutakoan, hizlari bakoitzak bere aurkezpena partekatu zuen bildutako lagunekin: Jorge Beramendik Euskal Herriko historiari buruz hitz egin zuen; Txarito Nayak, berriz, euskal mitologiari buruz; eta ostiraleko egitarauarekin bukatzeko, Federico Intxausperen hautatutako gaia ‘euskal baserria’ izan zen.

Biharamuneko, hau da, larunbateko, uztailaren 30eko programa, Marite Echegoyenek ireki zuen, sukaldaritzari buruzko hitzaldi batekin. Segidan, Carlos Irisarrik azaldu zuen zein den euskararen egoera Iparraldean eta ondoren, Jorge Beramendik, Luis Luquez-en ‘Hautatua’ eta Carlos Irisarriren ‘Euskal Unibertsoa’ liburuak aurkeztu zituen. Ikastaroa ixteko, Jorge Otaño Gral. Madariagako historiari buruz mintzatu zen. Azken agurra egin aurretik, Udako Euskal Unibertsitateko kideek opari bat eskuratu zieten herriko udaletxeko ordezkariei eta ‘Los Saraseños’ talde folklorikoak abesti batzuk eskaini zituzten..

Euskal Ikasketen 'Buenos Aires 2012' Jardunaldiak

Azken egunotan plazaratu dute Arturo Campion Ikasketa Guneak (Centro de Estudios Arturo Campion delakoak) eta Argentinako UVV-Udako Euskal Unibertsitateak Euskal Ikasketen 'Buenos Aires 2012' Jardunaldien hirugarren zirkularra. Gutunean gogorarazten dute jardunaldietako antolatzaileek, mintegia abuztuaren 24 eta 25ean burutuko dela Buenos Airesko Palermo Unibertsitatean. Ekimenaren helburua, euskal ikasketen eremuan zenbait arlotan garatzen ari diren azterketa eta ikerlanak mahaigaineratu eta jendaurretzea da. Idazlanen laburpenak aurkezteko epea, uztailaren 13an bukatuko da eta jornadasvascas@gmail.com helbidera bidali behar dira.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia