euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal Herrian ikasi nahi? Bada aukerarik, Unibertsitate arteko truketatik sukaldaritza eskoletara

2011/03/18

Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasle batzuk
Galdakaoko Ostalaritza Eskolako ikasle batzuk

PUBLIZITATEA

Asko dira Euskal Herrian ikasi nahi duten Diasporako gazteak, horrela profesionalki trebatzeaz gain arbasoen lurra ezagutu ahal izateko. Zenbait urtez Eusko Jaurlaritzak horretarako aukera ematen zuen, 'Euskal Herrirantz' trebakuntza programari esker. Gaur egun egitasmo hori ez dago indarrean, baina hala ere Euskal Herrian ikasketak egiteko ametsa duten gazteek badute beste biderik. Diru laguntzak eskasak dira, ordea (edo ez dira). Artikulu honetan proposamen batzuk jaso dizkizugu.

Donostia-San Sebastian. Eusko Jaurlaritzaren 'Euskal Herrirantz' trebakuntza programa 2005eraino egon zen indarrean, eta honi esker Diasporako hainbat gaztek Euskal Herrian egin ahal izan zituzten ikasketa profesional edota unibertsitariak. Programa berrabiarazteko proiekturik ez dago, baina arbasoen sorterrira ikastera etorri nahi duten gazteek badute beste aukerarik.

Lehenik eta behin, Euskal Herriko Unibertsitateak Latinamerika eta beste lurraldeekin truke programa bat du. Programa honen bidez EHUko ikasleak atzerrira joan daitezke eta EHUrekin hitzarmena duten atzerriko unibertsitateetako ikasleak Euskal Herrira etor daitezke.

EHUren webgunean hitzarmenak dituzten unibertsitateen zerrenda agertzen da, bi arlotan banatuta: Latinamerikako unibertsitateak (2011-2012) eta AEB, Kanada, Errusia eta Asiako unibertsitateak (2011-2012). Gradu eta graduondoko trukeak dira gehienak (irakasle trukeak ere badira). Eskabideak egiteko, jarraitu pauso hauek

Beste truke programa batzuk Erasmus (Europa) eta SICUE (Espainia).

Arrakasta handia duen beste aukera bat sukaldaritza eskolena da. Arlo honetan ez dago mugikortasunerako laguntzarik, baina hala ere euskal eskola garrantzitsuenen ikastaroen informazioa biltzen dugu jarraian:

-Leioako Ostalaritza Eskola
-Luis Irizar Sukaldaritza Eskola
-Gamarrako Ostalaritza Eskoal
-Basque Culinary Center
-Artxandako Ostalaritza Eskola
-Galdakaoko Ostalaritza Eskola
-Aiala Ostalaritza Eskola (Karlos Argiñano)

Bestetik, Itsasmendikoi lanbide zentroek trebakuntza ikastaro batzuk eskaintzen dizkiete Eusko Jaurlaritzarekin hitzarmena duten herrialdeetako profesionalei. Une honetan, Txileko mahastizain talde bat ari da ikastaroa egiten Arabar Errioxan. Informazio gehiago, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia