euskal diaspora eta kultura
2010/11/19
PUBLIZITATEA
Boise, Estatu Batuak. Joan den astelehenean, Azaroaren 15ean, zendu zen Boisen Lucy Garatea, 105 urterekin. Luciana Aboitiz Goitia Lekeition jaio zen 1905eko martxoaren 3an, zortzi neba-arreben artean nagusiena. Hamabost urterekin Idahon bizi zen Gabina (Goitia) Aguirre izekok Ameriketara etortzeko eskatu zion, bere seme-alabekin eta Boiseko Star Boarding House euskal ostatuan laguntzeko.
Itsas bidaia luzea egin behar izan zuen inoiz herritik atera gabeko Lucyk, eta bidaiaren buruan gainera New Yorkeko Ellis Island-en igaro behar izan zituen beste hamaika egun, mundu osoko milaka emigranterekin batera ilarak egiten Ameriketan sartzeko baimena eskuratu arte. 1920ko irailean heldu zen Boisera.
1923an Lucy, Esteban Garatearekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituzten: Francisco (Frank), Enrique (Henry), Jose (Joe), eta Rosalina (Rosie). Estebanek Barber-eko zerratokian egiten zuen lan eta 1935ean lan istripu batean hil zen. Alargun, Lucyk aurrera egin zuen eta seme-alabak hazi eta estatubatuar hiritartasuna eskuratzea ere lortu zuen. 1948an Oregoneko Burns herriko Plaza Hotel ostatua erosi eta urtetan han bizi ziren artzain eta emigrante euskaldunentzako lagun eta aholkulari fin eta ia-ia ordezko ama izan zen. Hotelean euskal giro ederra sortzea lortu zuen, beti euskal musika, dantza eta ospakizunak medio baita ere modu berezian eta ororen buru berak prestaturiko Euskal Herri moduko plater goxoei esker.
1953an Euskal Herrira bueltatu zen bisitan eta harrez gero Lekeitioko sendiarekin harreman estua atxiki zuen. 1965ean Plaza Hotel saldu eta Boisera bueltatu zen. Iaz Ellis Island-era ere bueltatu zen, edo bere irudia behintzat, Hidden in Plain Sight: The Basques erakusketa arrakastatsurako ongi-etorri bideoan bera agertzen baitzen bisitarien anfitrioi eta euskaldunen nondik-norakoen aurkezle. Azken urteetan hamaika elkarrizketa emana zen, AEBetako zein Euskal Herriko komunikabideentzat, Estatu Batuetako euskaldun zaharrena zen eta. Aurtengo Boiseko Jaialdian Patxi Lopez lehendakariak bisita egin zion, Oesteko euskaldunen memoria bizia izan den emakumeari.
Askotan galdetzen omen zioten nola lortu zuen halako bizitza luzea izatea, nahiz eta kolpe latzak jaso --sortetxea uztea, herrialde berri batera etortzea, senarra galtzea eta hiru semeen heriotza--. "Beti izan naiz zoriontsua bihotzean", ohi zen bere erantzuna. Goian bego.
-Elizkizunak gaur ostirala, 2010eko azaroaren 19an, izango dira, goizeko 10:30etan, Boiseko St. John Katedralean; ondoren ehorzketa hiriko Morris Hill hilerrian egingo da
(lerro hauen bidez, gure doluminak familiari, lagunei eta Boiseko euskal komunitate osoari EuskalKultura.com egiten dugun guztion izenean)
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus