Urtero ospatzen da Buenos Aires probintziako Carmen de Patagones hirian "Patagoniaren Burujabetza Jaia" (Fiesta de la soberanía patagónica) izeneko ekitaldia. Euskal gizataldea ordezkari, Patagones eta Viedma hirietako Euskal Etxeak bere ekintza programa hasten du urtero ere, jai honetako desfilean parte hartzen.
Carmen de Patagones, Argentina. Martxoaren 2tik 7ra luzatu da aurten Carmen de Patagones eta Viedma hirien eskualde argentinarreko ospakizun nagusietako bat den “Patagoniaren Burujabetza Jaia”. Astean zehar, mota askotako ekintza programak eskaini zizkion Patagones Udalak komunitateari, tartean, musika eta dantza ikuskizunak, kultur eta sukaldaritza standak eta eskualdeko baserrietako produktuak eskuratzeko aukera.
Jaiako ekintza nagusia, ordea, herriko kabalkada da eta urtero bezala 2016 honetan ere presente izan ziren ikurrinaren koloreak. Viedma eta Patagoneseko euskal gizataldeak biltzen dituen Beti Aurrera Aberri Etxeak belaunaldi guztietako ordezkariekin hartu zuen parte desfilean, Euskal Etxeko betiko kide baita kide txikienekin ere.
Jaiaren esanahiari dagokionez, gogora dezagun garrantzi handia duela martxoaren 7an egiten den aldarrikapena Ibai Beltzako bi aldeetako biztanleentzat. Bertakoek azaltzen dutenez, “Viedma-Patagones hirien eskualdea Patagoniaren lehenengo kokalekua izan zen, eta horren ondorioz, gobernuaren egoitza. 1827. urteko martxoaren 7an brasildarren eraso bat jaso zuten patagoniarrek –Brasilek Patagonia bereganatu nahi zuen eta– eta eskualdeko jendeak biziki defenditu zuen bere lurra. Rio Negro ibaiaren ezaugarriek eta eguraldiak asko lagundu zieten bertakoei gailendu ahal izateko; izan ere, Brasilgo soldaduek ezin izan zituzten jasan ez tenperaturak ezta ibaiaren ur lasterrak ere”.
Jai honetako partaidetzarekin, gainera, martxan jarri ohi da Beti Aurrera Aberri Etxea eta aurten ere horrela izango da. Instituziotik jakinarazi dute egun hauetan lanean ari direla Euskal Etxeko egoitzan –gordetegi bat eraikitzen ari dira eta patioa txukuntzen– ekintzekin behar bezala hasi ahal izateko. Hori dela eta euskara eta dantza klaseak eta abesbatzen entseguak martxoaren bigarren hamabostaldian hasiko dira.