euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Viedma eta Patagonesko 'Beti Aurrera' Euskal Etxekoek dantzaz eta kantuz ospatu zuten San Juan sua

2009/06/26

'Beti Aurrera Aberri Etxea'koen San Juan sua eta euskal etxeko kide eta dantzariak
'Beti Aurrera Aberri Etxea'koen San Juan sua eta euskal etxeko kide eta dantzariak

PUBLIZITATEA

Munduan zehar barreiatuta dauden euskaldunek ekainaren 20tik 28ra bitartean ari dira ospatzen San Juan bezperako suaren tradizioa. Gehienek aurreko edo ondoko asteburuetan ospatuko dute, ez baita erraza aste egun gorri batean, biharamunean lana egin behar delarik, gauzak antolatu eta jendea mugiaraztea. Argentinan, asko dira suaren ohiturari segitzen diotenak. Datozen lerro eta argazkietan Viedma (Rio Negro) eta Carmen de Patagones (Buenos Aires) herrietako euskaldunak biltzen dituen 'Beti Aurrera Aberri Etxea'koen ospakizuna dakargu gogora. Dantzari eta kantari ekin zioten gauari, joan den asteburuan, tradizioa beste behin biziaraziz.

Viedma, Argentina. San Juan sua pizteko ohitura antzinakoa da. Ez dago zehatz jakiterik, baina Euskal Herrian betidanik ezagutu izan den eguzkia gurtzeko erritotzat aurkeztu ohi dute. Euskal Herriko hamaika txokotan egindakoa Diasporako beste hainbat bazterretan ere finki gorde eta biziarazten da. Tradizioak dio, sua izpiritu gaiztoak uxatzeko pizten dela. Horrela, gazteek suaren gainetik hiru aldiz egin behar dute salto euren barnea garbitu eta urte on bat izateko.

2009 San Juan Sua Viedma eta Patagones

[Viedma eta Carmen de Patagoneseko Euskal Etxeko dantzari, kide eta lagunek ohore egin zioten joan den asteburuan San Juan bezperako sua piztu eta solstizioaren festa ospatzeari]

San Juan suaren inguruan tradizio asko dago eta hauen eredu dira munduan zehar dauden euskal etxeek San Juan sua ospatzeko dituzten moduak. Kasu batzuetan ekainaren 23an egin dute sua, San Juan bezpera, baina gehienek aurreko asteburuan edota ekainaren 27 eta 28an ospatuko dute. Jai hau aurreratu dutenen artean dago Viedma eta Carmen de Patagonesko 'Beti Aurrera Aberri Etxea'. Bertako euskaldunek sua piztu eta sorgin itxurako panpinak jaurti zituzten surtara, izpiritu gaiztoak uxatzeko. Euskal etxeko dantza taldeak suaren inguruan dantza egin zuen eta honen ondoren bertan bildutako kideak ere animatu ziren dantza egitera. Honekin batera euskal kanta tradizionalak abestu zituzten euskal etxekoek gau berezi honetan. 'Beti Aurrera Aberri Etxea'ko kideen San Juan festa munduko beste zenbait tokitan egiten direnen arteko adibideetako bat da.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia