euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Betagarri, ska eta rocka nahasten dituen euskal musika taldea, Suitzara abiatuko da hiru kontzertu emateko

2008/02/15

Betagarri talde euskaldunaren azken diskoko portada
Betagarri talde euskaldunaren azken diskoko portada

PUBLIZITATEA

Iragan urrian Argentinan bira egin ondoren, Betagarri Gasteizeko musika taldeak Suitzan hiru kontzertu emango ditu datorren otsailaren 29an eta martxoaren 1 eta 2an. Eszenatokiak Chur, Zurich eta Thun-eko hiriak izango dira. Taldea 1994. urtean sortu zen eta zazpi pertsonez osaturik dago gaur egun. Urteetan zehar ehundaka kontzertu eman dituzte Euskal Herrian eta etxetik kanpo: Europan, Amerikan, Asian, etab. Bere lanetan ska eta rocka nahasten dute eta aurtengo urria arte hiriz hiri, herriz herri eta eszenatokiz eszenatoki ibiliko dira euren musika zabalduz.
Duela 15 urte jaio zen Gasteizen Betagarri musika taldea, ska eta rocka nahasten dituena eta azken urteetan arrakasta ugari lortu duen lagun-multzoa. Hilaren 29an eta martxoaren 1 eta 2an Suitzan hiru kontzertu emango dituzte Chur, Zurich eta Thun hirietan (Suitza). Hiru eguneko bira honen hasiera "Palazzo" aretoan egingo du taldeak. Hurrengo egunean "Rotte Fabrik" izango da gasteiztarren geltokia eta azken kontzertua "Mokka Club" izeneko aretoan emango dute.

Iñaki Ortiz de Villalba (abeslaria), Aitor Agirre (gitarra), Iosu Izagirre (baxua), Iker Uriarte (bateria), David Gabiña (saxo tenorra), Unai Lobo (tronpeta) eta Mikel Sanz (tronboia) dira proiektu honen kideak. 1994. urtean atera zuten lehen maketa: "L". 1997. urtean "Betagarri" izeneko beraien lehenengo diskoa kaleratu zuten Mil A Gritos disketxe gasteiztarraren zigilupean. Beraiekin ere argitaratu zuten bigarren diskoa, "Arren Erro Zaharra" izena zuena. Orain arte argitaratutako beste diskoak hauek dira: "80/00", "Freaky Festa", "Remix", "Arnasa Hartu", "Zuzenena", "Basque Fire" eta "Hamaika Gara".

Iragan urrian Betagarrik Argentinan egin zuen bira eta musikariek oso pozik amaitu zuten hango esperientzia. Ikus-entzuleekin oso ondo moldatu zen taldea eta baliteke etorkizunean berriro Amerikako herrialde horretara itzultzea. Katalunia izango da euskal taldearen hurrengo geltoki garrantzitsua: Llinars del Valles (otsailaren 23an), Vilanova de Bellpuig (apirilaren 5ean), Bartzelona (apirilaren 18an), Ripoll (maiatzaren 9an), Breda (maiatzaren 10ean), Arbeca (abuztuaren 14an) eta Tremp (irailaren 6an). Beste hainbat jaialditan parte hartuko dute ere: Euskal Herriari dagokionez, Senpereko Herri Urratsean (maiatzaren 11ean) arituko dira eta atzerrian, berriz, Asturiaseko "Derrame Rock" jaialdian ekainaren 18an eta Alemaniako "Force Atack Festival" jaialdian uztailaren 27an.


Lotura interesgarriak

Betagarriren web orrialdea
www.betagarri.com

Betagarri taldeak 2007ko kultur biretarako laguntzak jasoko ditu
2007ko maiatzaren 14an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia