euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Betagarri, Juan Mari Beltranek edo Aurtzaka eta Elai Alai taldeek jasoko dituzte 2007ko kultur biretarako laguntzak

2007/05/14

Donostiako Txistulari Banda Mexikon eman zuten kontzertuan (argazkia vascosmexico.com)
Donostiako Txistulari Banda Mexikon eman zuten kontzertuan (argazkia vascosmexico.com)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak 2007an Euskal Etxeak dauden lekuetan bira kulturalak egiteko diru laguntza jasoko duten taldeen zerrenda ezagutzera eman du. Hamaika talde eta artistak jaso dituzte eta euren lanari esker bira kultural hauek Argentina, Uruguai, Estatu Batuak, Venezuela, Italia eta Kolonbia bezalako herrialdetara helduko dira. Onuradunen artean, pianojoleak, kantariak, antzerkilariak, txistulariak, trikitilariak, abesbatzak... alegia, Betagarri bezalako taldeak, Arkaitz Mendoza edo Victoria Aja solistak, Patxo Telleria eta Mikel Martinez antzezle-bikotea edo Juan Mari Beltran musikaria.
Eusko Jaurlaritzak 2007ko apirilaren 24ko data daraman ebazpenean --joan den ostiraleko buletin ofizialean argitaratua-- eman du jakitera aurtengo bira kulturalen deialdiko dirulaguntzak jasoko dituzten artista eta taldeen izenak. Onuradunen artean Arkaitz Mendoza pianujole gaztea dago eta 1.950 euro jasoko ditu Argentinan zehar egingo duen bira luzerako (Buenos Aires, Paraná, Las Flores, San Nicolas, Resistencia, Arrecifes, Chivilcoy, Concordia, Villa Maria, Bragado, Córdoba eta Azuleraino iritsiko da). Beste pianojole batek, Victoria Ajak, 999 euro jasoko ditu Argentina eta Uruguain bira egiteko (kontzertuak Paraná, Las Flores, Concordia eta Montevideon).

Hirugarren eskatzailea Donostiako Udal Txistulari Banda da, bidaia jadanik egina duena, martxoan hain zuzen, Mexikora. Jose Luis Ansorenak gidatzen duen taldeak 7.393 euro jasoko ditu. Musikatik taulagainera, Bikoteatro konpainiaren eskutik. Patxo Telleria eta Mikel Martinez aktoreek osatzen duten taldeak 5.598 euro jasoko ditu Estatu Batuetan zehar bira egiteko (Boise, Las Vegas, Reno, Ontario, Seattle eta New York). Bostgarren onuradunak Iñaki Plaza eta Jon Garmendia musikariak dira, alboka, txalaparta eta trikitixa bezalako euskal instrumentuetan adituak. 3.460 euro jasoko dituzte eta Estatu Batuetan egingo dute bira (Reno, San Francisco, Bakersfield eta Boise).

SKA, DANTZA ETA TRIKITIXA

Erantzun positiboa jaso du baita ere Betagarri taldeak Argentina eta Txilen egingo duen birarako. Talde gasteiztarrak 9.161 euro hartuko ditu eta Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxean eta Txileko Santiagon eskainiko ditu kontzertuak. Zazpigarren eskatzailea Juan Mari Beltran musikaria izan da. Honek 20.297 euroko dirulaguntza jasoko du bere musikariekin Estatu Batuetan egingo duen birarako (Las Vegas, Reno, Fresno eta San Francisco). Elai Alai dantza taldeak, bestalde, 27.268 euroko dirulaguntza jasoko du Venezuelan (Caracas eta Carabobo) egingo duen birarako.

Onuradunen artean dago baita ere Zigor Txiki koru bizkaitarra eta 2.636 euro hartuko dituzte Italiara egingo duten birarako. Zumarte taldeak trikitxa eta txistuaren soinuak eramango ditu Argentinara, Tandil eta Rosarion kontzertuak eskainiz. Hauek 8.543 euro jaso dituzte. Bukatzeko, Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak 9.515 euro jasoko ditu Kolonbian egingo dituen emanaldietarako.


Lotura interesgarriak

2007ko bira kulturalentzako diru laguntzen ebazpena
www.lehendakaritza.ejgv.euskadi.net

Donostiako Txistulari Bandak Mexikoko euskaldunak hunkitu zituen
BasqueHeritage.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia