euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Betagarri, joaldunak, dantza, magia eta antzerkia Bartzelonako La Mercé jaietan, Euskal Etxearen eskutik

2007/09/14

'Euskal Herria a la Mercé 07' jaietako afitxea
'Euskal Herria a la Mercé 07' jaietako afitxea

PUBLIZITATEA

Aurten ere Bartzelonako Euskal Etxeak parte-hartze handia izango du La Mercé jaietan. Bartzelonako zaindariaren jaia egun handia da bertakoentzat eta Euskal Etxeak prestatu ohi du bartzelonarrei eskaintzeko euskal jai berezia. Aurtengo ekitaldiak datorren asteko larunbatean hasiko dira: Txan Magoa, batukada, joaldunak, Alproja antzerki taldea eta Bakearen Aldeko Kontzertua, Betagarri (Euskal Herria), Verdcel (País Valencià) eta La Carrau (Katalunia) taldeekin.
Euskal Herria a la Mercé 07 izenarekin aurkeztu du Bartzelonako Euskal Etxeak aurtengo jaietarako prestatu duen egitarau mardula. Euskaldunek euren marka utziko dute kataluniar hiriburuko jai giroan, musika, dantza, zinema, antzerki eta beste ekitaldi askorekin. Ekarpen hori larunbatean, irailaren 22an, hasiko da. 11:00etan Hala Dzipo fanfarrearek kalejira egingo du Sant Jaume plazatik hasita Rambla del Ravaleraino. Kalejiran jendea bildu eta 12:00tan Euskal Herria a la Mercè 07 jaiari hasiera ofiziala emango diote aurresku eta txistulariekin.

Eguerdiko hamabietan Euskal Etxearen karpan bideo emanaldia egingo dute, 'Euskal Herria: Lau haizeetara' dokumental saileko atalekin. 12:30etan artisautza eta gastronomia azoka irekiko dute. Bertan lanbide erakustaldiak eta gazta, sagardoa, txakolina eta talo dastaketak egingo dituzte, trikitixa, txalaparta, txistu eta abarrekin girotuta.

Bakearen aldeko Kontzertua

Arratsaldeko lauetan Txan Magoak magia ikuskizuna eskainiko du karpan, haur eta nagusientzat, umore eta ezustez betea. Musikarik ez da faltako arratsaldean zehar: batukada, Zubietako joaldunak, eta Eibarko Kezka Dantza Taldea eta Elgoibarko Haritz Dantza Taldearen kalejirarekin. Ilunabarrean Alproja antzerki talde zarauztarrak 'Aurki' lana eskainiko du.

Gaueko ekitaldi nagusia Bakearen Aldeko Kontzertua izango da, Betagarri (Euskal Herria), Verdcel (País Valencià) eta La Carrau (Katalunia) taldeekin. Kontzertu hau Bakearen Aldeko Kontzertuaren bigarren ekitaldia izango da. Oficina de Promoció de la Pau i dels Drets Humans de la Generalitat de Catalunya, Campanya Sí al procés de pau eta Bartzelonako Euskal Etxeak lankidetzan antolatu dute.

Joaldunak, dantza eta euskal folka

Igandean Zubietako Joaldunen kalejirak joko du diana, 11:00, Hala dzipo fanfarreak lagunduta. Euskal karpan bideo emanaldiak ('Euskal Herria Lau haizeetara') eta artisautza eta gastronomia azokak egingo dituzte. 12:30etan Euskal dantza erakustaldia izango da ikusgai, Kezka eta Haritz Dantza Taldeekin eta Kataluniako bastoners talde batekin.

16:00etan Txan Magoak magia ikuskizuna eskainiko du eta 18:00etan harrijasotzaile eta aizkolariek euren abilezia erakutsiko dute. Egunari bukaera emateko 20:30etan folk kontzertua eskainiko dute Miel Otxin talde nafarrak eta Korrontzi taldeak (Mungia, Bizkaia).

Astelehenean egingo dituzte azken ekitaldiak, goizetik hasita txalaparta tailer batekin eta artisautza eta gastronomia azokarekin. Eguerdian herri kirol erakustaldi berria egingo dute harrijasotzaile eta aizkolariek eta 16:00etan umeentzako tailerrak egingo dituzte, haurren sormena eta jakinmina pizteko espreski pentsatutako ekintzekin. Arratsaldean 'Euskal Herria Lau haizeetara' dokumentalaren atal berriak eskainiko dira karpan eta 18:00tan Txalambé eta Itzalak taldeen kontzertu batekin bukaera emango diote Euskal Etxekoek eta bertara biltzen direnek Euskal Herria a la Mercé 07jaiari.


Lotura interesgarriak

Egitarau osoa
Euskal Etxearen blogean

Bartzelonako Euskal Etxea
www.euskaletxeak.org

La Mercéko euskal jaiak '06
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko irailaren 19an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia