euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amets Arzallusen bertsoekin heldu zen lehen aldiz Korrika Suitzako Genevara, euskaltzale talde baten ekimenez

2013/03/26

Korrika 18 Genevako kaleetan barrena (argazkia BRalla)
Korrika 18 Genevako kaleetan barrena (argazkia BRalla)

PUBLIZITATEA

Korrika 18 Genevaraino heldu da edizio honetan, aurrenekoz, suitzar hiri honetako euskaldun talde batek antolatu zituen ekitaldiei esker. Jarduera egitarau galanta osatu zuten gainera antolatzaileek, bertsoak, zinea, kantuak eta euskararen aldeko lasterketa uztartuz. Iragan astean "Apaizak obeto" eta "Bertsolari" dokumentalen emanaldiak egin ziren eta igandean Amets Arzallus bertsolariak Genevako euskaltzaleentzako zein Diaspora osoko euskaldunentzako bertso egoki-egokiak jarri zituen, Korrikari Suitzara ongi etorria emateko.

Geneva, Suitza. Ediziotik ediziora gero eta leku gehiagotara heltzen ari da Korrika eta aurtengoak, 18ak, muga berriak hautsi ditu. Esaterako aurten Genevara heldu da, hiriko euskaltzale talde bati esker, eta egitarau mardularekin, gainera. Jarduerak martxoaren 20eran hasi ziren, "Bertsolari" filmaren emanaldiarekin. Amets Arzallus bertsolaria gonbidatu zuten antolatzaileek, bertsolaritzari buruzko solasalditxoa egiteko. 

Biharamunean, zinea izan zen berriz ere protagonista, "Apaizac Obeto" dokumentalaren emanaldiari esker. Xabier Agote errealizadoreak aurkeztu zuen filma. Ostiralean, martxoaren 22an, 60 bat lagun bildu ziren Le Consultant kafean egin zen euskal festara. "Genero eta garai guztietako euskal kantak egon ziren, gitarraz eta DJaz lagunduta", azaldu digu antolatzaile taldetik Beñat Ralla Yustak.

Korrika 18 Geneva

[Amets Arzallusek "Bertsolari" dokumentala aurkeztu zuen Uni-Mail-en (argazkiak BRalla)]

Larunbatean, martxoaren 23an, izan zen egun handia eta Korrika 18 Genevako kaleetaraino heldu zen. Giro alaian, bizi-bizi ibili zen lasterketa.

Korrika 18 Geneva 2

[Genevako euskaltzaleak Korrika egunean (argazkia BRalla)]

Amaitzeko, hona Arzallusek bota zituen bertsoak, Genevatik munduko euskaldunei eskainiak:

"Euskal Herria izan daiteke Miarritzen naiz Tuteran,
Paris mintzo da zubereraz ta, Boise Bizkaiko hizkeran,
ama hizkuntzak erditzen gaitu nonahira euskaldun eran,
ta lekukoak segitzen badu eskutik eskura hegan,
Euskal Herria, portu berria, izango duzu Genevan".

Argazki gehiago ekitaldiaren Facebook orrian, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia