euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsotan eta jai giro apartean ospatuko du asteburuan Bordeleko Eskualdunen Biltzarrak bere 60. urtemuga

2007/10/08

Euskal Etxearen 60. urtemugaren logotipoa
Euskal Etxearen 60. urtemugaren logotipoa

PUBLIZITATEA

Bordeleko Euskal Etxeko kideak gogo biziz ari dira lanean elkartearen sorreraren 60 urteak ospatzeko eta egitarau oparoa prestatu dute datorren astebururako. Musika, merkatua, haurrentzako tailerrak, rugbia, afaria, solasaldia, kontzertuak... Gustu eta kolore guztietako ekitaldiak egingo dituzte Eskualdunen Biltzarra elkartekoek eta bertsoak ere jarri dizkiote euskal etxeari David Mujika eta Jean-Marc Goyheneche kideek.
Euskaldunen Biltzarra elkarteak bere sorreraren 60. urteurrena ari da betetzen. Egun 500 bazkide dituen euskal etxea hau 1947an sortu zen eta 1964an bere egoitza propioa erosi zuen: egundaino Bordeleko euskaldunen bilgune izan den Maison Basque delakoa. Bertan dute egoitza elkarteko taldeek. Horietariko bat da Bestalariak korua, 50 kantarik osatua eta urtean 15 kontzertu inguru eskaintzen dituena. Beste bat Les Corsaires korala da, 20 kantarik osatua eta kanta erlijiosoetan espezialdua. Urtean zehar zortzi bat mezatan parte hartu ohi dute.

'Gau Eskola' da euskara klaseen taldea eta bertan 4. mailako 50 bat ikasle jarduten dira astean hiru orduz ikasten. Euskal Etxean pilota klaseak ere ematen dituzte eta hamabost pilotari gaztek astean bi orduz entrenatzen dute Pessac-eko La Cancha trinketean. Mutxikoak izeneko tailerrean euskal dantza tradizionalak ikasten dituzte bertaratzen direnek, urtean 15 bat alditan, eta Biltzarra taldean dozena bat dantzari txiki ari dira. Azkenik, Entraide taldean elkarteko bazkideen arteko elkartasuna eta laguntza ekimenak bultzatzen dituzte.

Eskualdunen Biltzarrak garrantzi handia ematen dio bere ekimenak komunikatzeari eta horretarako oinarrizkoa du Agur aldizkaria. Bi hilabetean behin kaleratzen dute, 500 ale. Euskal etxeak irratsaio bat ere sustatzen du, bi astetan behin, Iparraldeko irratien laguntzarekin. Azkenik, elkartearen webguneak, www.maisondesbasques.org euren jardueren informazio eguneratua eskaintzen du.

URTEURRENAREN EGITARAUA

Ostirala, urriaren 12a

-9:00-19:00: euskal produktuen azoka Bon Goût d’Aquitaine merkatuan (Av. Thiers). Herlauz’ Band txarangak giroa berotuko du. Euskal Etxeak eta Côte d’Argent Pilota Federakundeak ere standa jarriko dute.
-9:00-16:00: haurrentzako tailer pedagogikoak: pilota, dantza eta euskara.
-20:00, salle Queyries: euskal ekoizleek antolatutako afari-dastaketa, Herlauz Band txarangak alaitua. Afarian euskal jaki tipikoak dastatzeko aukera izango da. Prezioa 30 eurokoa da eta aldez aurretik izena eman beharra dago, Euskal Etxean edota Bon Goût d’Aquitaine elkartean (28 bis Paul Camelle karrika, 33100 Bordele, 05 56 32 94 00-).

Larunbata, urriaren 13a

-9:00-19:00: euskal produktuen azoka Bon Goût d’Aquitaine merkatuan (Av. Thiers). Herlauz’ Band txarangak giroa berotuko du.
-10:30, merkatuan: 'Laborantza jatorra eta gizabidetsua Euskal Herrian' mintzaldi-eztabaida.
-16:00, Euskal Etxean: 'Bordeleko Euskaldunen historia' mintzaldia.
-18:00, Molières d’Aquitaine aretoan: M. Etchecopar & F. Rossé, eta Bilika taldearen kontzertuak. Euskal laborarien ekoizpenen dastaketa pausaldian.
-21:00, Euskal Etxean: Munduko Rugby Txapelketaren finalerdiaren emanaldia. Doainik. Herlauz Band txarangak eta Bestalariak taldeak alaitua.

Igandea, urriaren 14a

-9:00-19:00: euskal produktuen azoka Bon Goût d’Aquitaine merkatuan (Av. Thiers). Herlauz’ Band txarangak giroa berotuko du.
-11:00, Ste. Marie elizan: Euskal meza Les Corsaires abesbatzarekin.
-11:45, Ste. Marie elizan: Bestalariak koralaren kontzertua. Dohainik.
-13:00, Euskal Etxean: Bazkideen piknika Nahasketa eta Bestalariakekin.
-18:00, Ste. Marie elizan: Etxekoak abesbatzaren kontzertua.


Lotura interesgarriak

Eskualdunen Biltzarra, Bordeleko Euskal Etxea, Frantzia
www.maisondesbasques.org

Bordeleko EEk euskara klaseak indartuko ditu
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 16ean

V. Fête de la Músique, Bordeleko Euskal Etxeak antolatuta
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko ekainaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia