euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolariak, repentistak eta Edorta Jimenez idazlea Habanako Aberri Egunean (argazki erreportaia)

2009/04/24

Edorta Jimenez idazlea bere hitzaldiaren une batean (argazkia www.paysbasqueinfo.com)
Edorta Jimenez idazlea bere hitzaldiaren une batean (argazkia www.paysbasqueinfo.com)

PUBLIZITATEA

Joan den apirilaren 14ean Habanan egin zen Aberri Eguneko jai arrakastatsuaren berri eman genuen EuskalKultura.com-en, eta orain Kuban bizi den Jose Goitiari esker eta www.paysbasqueinfo.com webguneari esker euskaldun eta kubatarren arteko anaitzea izan zen jaiaren argazki berriak eskaini ditzakegu. Euskal Herritik Edorta Jimenez idazlea, Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak eta Azpeitiko Kupela musika taldea bildu ziren jaira eta kubatar repentista eta musikariekin batera parranda alaia antolatu zuten Kubako Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia elkarteak deituriko ekitaldian.

La Habana, Kuba. Aurreko artikuluan azaltzen genuenez, Kubako Asociación Vasco-Navarra de Beneficencia elkarteak joan den apirilaren 11 eta 12an ospatu zuen aurtengo Aberri Eguna, asteburuan zehar 200 lagundik gora bilduz Habanako 'Centro Vasco'-n egin ziren ekitaldietara. Jarduerak Aberri Egunaren bezperan hasi ziren, larunbatean, I. Euskal-Kubatar Mus Txapelketarekin. Txapeldunak Josemi Arrugaeta eta Daniel Vélez argazkilaria izan ziren. Vélez Kuban zen Iparralderi buruzko argazkien erakusketa bat aurkezten.

Igandean, Aberri Egunean bertan, Kuban bizi diren euskaldunak, euskal kubatarrak eta euskal kulturaren lagunak Centro Vasco-n bildu ziren, bertan euskal-kubatar anaitze alai eta koloretsuaz gozatzeko. Eguna Edorta Jimenez idazleak eskaini zuen hitzaldiarekin hasi zen, eta ondoren bertso saioa izan zen, Euskal Herriko Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariekin eta Kubako Luis Paz eta Emiliano Sardiñas repentistekin.

02 Aberri Eguna 2009 en La Habana

[Unai Muñoa eta Ander Lizarralde bertsolariak Luis Paz eta Emiliano Sardiñas repentista kubatarrekin saioa eskaintzen Habanako 2009ko Aberri Egunean (argazkia www.paysbasqueinfo.com)]

03 Aberri Eguna en La Habana 2009

[Bertso saio koloretsuaren ostean Kubako eta Euskal Herriko bertsolariak besarkada batean bildu ziren (argazkia paysbasqueinfo.com)]

Saioaren ostean bertara bildu zirenek euskal bazkari goxoa dastatu zuten Centro Vasco-ko jatetxean eta bazkalostean lokaleko diskotekan erromeria egin zen Azpeitiko Kupela taldearekin, Kubako Ray Fernández kantariarekin eta bertsolariekin. Euskal musika bideoak ere eman zituzten pantaila erraldoian.

04 Aberri Eguna 2009 en La Habana

[Kupela talde azpeitiarraren kontzertua Habanako 2009ko Aberri Egunean (argazkia Jose Goitia)]

05 Aberri Eguna 2009 en La Habana

[Jose Goitiak, Kuban bizi den euskaldunak, eta bere alaba Amaiak ere jaian parte hartu zuten (argazkia paysbasqueinfo.com)]

 

06 Aberri Eguna 2009 en La Habana

[Ray Fernandez eta Vivian Goitia kubatar musikariek Habanako Aberri Eguneko erromeria alaitu zuten euren kantekin (argazkia www.paysbasqueinfo.com)]

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia