euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Asier Altuna, zuzendaria: "'Bertsolari' atzerrian ere ulertzeko pentsatutako dokumentala da"

2012/09/07

PUBLIZITATEA

Apurka-apurka, nazioartean bidea egiten ari da "Bertsolari" dokumentala. Hilaren 15ean, adibidez San Frantziskoko Latino Film Festivalen izango da ikusgai. Bezperan, Asier Altuna zuzendaria San Frantziskoko BCC-n izango da, filma hiri honetako euskaldunei erakusteko. "Bazen garaia", dio Altunak; izan ere, 2010ean filmaren pasarte labur bat bertan grabatu zuten, Maialen Lujanbio eta Andoñi Egaña bertsolariekin. Dokumentalak era poetiko eta zirraragarrian azaltzen du zer den bertsolaritza, eta nazioarteko ikusleekin konektatzeko ahalmena baduela erakusten ari da: Brasilen, Frantzian, AEBetan eta Austrian izan da jada, eta datozen hilabeteetan Londresen, Mexikon eta Montevideon ere erakutsiko dute. EuskalKultura.com-ek Asier Altunarekin hitz egin du.

Donostia-San Sebastian. Asier Altuna zuzendariak Estatu Batuetara bidaia egingo du datorren astean, San Frantziskoko Latino Film Festival zinemaldiak gonbidatuta, bertan "Bertsolari" filma aurkezteko. Gonbidapen hori probestuz, San Frantziskoko Basque Cultural Center-en emanaldia egingo da eta bertan izango da zuzendaria ere filmea aurkezteko. Emanaldi berezia izango da, izan ere, dokumentalaren zati bat bertan grabatu zen, 2010ean, eta elkarteko kideek lehen aldiz izango dute filmea ikusteko aukera.

"Maialenekin eta Andonirekin izan ginen 2010ean eta harrezkero euskal etxearekin harreman oso ona dugu. Phillipe Acheritogaray bezalako lagunak saiatu dira filma hona ekartzen, adibidez iaz, Chicagoko zinemaldian izan ginenean, baina ezinezkoa izan zen. Emanaldi polita izango dela uste dut", azaldu dio EuskalKultura.com-i Asier Altuna zuzendariak. BCCko eta Latino Film Festivaleko emanaldiez gain, Stanfordeko Unibertsitatean ere ikusgai izango da filma.

Nazioartean arrakasta

Filmea 2011ko Donostiako zinemaldian aurkeztu zen, eta azken urte honetan munduan zehar harrera oso ona izan du. "Lotsati hasi zen", agertu du Altunak, "baina apurka-apurka martxa hartzen hasi da". Brasilgo Fortaleza hiriko zinemaldian argazkilaritza onenari saria lortu zuen iragan uztailean eta Frantzian, Austrian eta AEBetan ere izan da ikusgai. Emeki-emeki filmea egiten ari den bidearekin pozik da Altuna; "Bertsolari" ez omen zuen euskaldunentzako soilik egin, atzerrian ere ulertzeko pentsatua baitzegoen hasieratik.

Erronka ez zen makala --hitzez euskaldunek bakarrik ulertzen duten artea atzerrian ulertaraztea!-- baina filmeak era poetiko eta zirraragarrian agertzen du bertsoen emozioa, eta ikusleek emozio horrekin konektatu egiten dute. Hizkuntzen eta kulturen gainetik konektatu ere, horixe baita zinearen indarra, azken finean.

Bertsolari amildegia

["Bertsolari" dokumentaleko irudi bat]

Horren karira, pasadizo bat kontatzen du Altunak: "Villafranca del Penedés-en aurkeztu genuenean gizon batek 'inoiz ikusi zuen castellers-i buruzko pelikularik onena' zela esan zigun. Zur eta lur gelditu ginen, noski, baina bere elkartera gonbidatu gintuen Andoni Egaña eta biok eta azkenean ulertu genuen: castellers-ak [Kataluniako giza-dorreak] egiten dituztenek ere bertan dute beti amildegia, erortzeko arriskua".

Euskal etxeetan erakutsi nahi

Urrian "Bertsolari" Berlinen ikusi ahalko da, Berlingo Euskal Etxeak antolatu duen euskal zinemaldiaren barruan. Horren ondotik, nazioarteko hurrengo hitzorduak Londres, Montevideo eta Mexiko izango dira. Filmeak hiri hauetako jaialdietan parte hartzeko gonbidapena jaso du, baina Altunak euskal etxeetan Diasporako euskaldunei erakusteko gogoa duela azpimarratzen du. "Euskal etxe batzuk jarri dira gurekin harremanetan, eta gure aldetik prest gaude zer edo zer antolatzeko", bukatzen du.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia