euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsolari eta payadoreek ekitaldi jendetsuarekin bukatu zuten Montevideon Argentina, Brasil eta Uruguaiko bira

2008/04/22

Xabi Paya, Maialen Lujanbio eta Fredi Paia bertsolariak Zitarrosa Antzokiko eszenatokian (argazkiak HaizeHegoaEE)
Xabi Paya, Maialen Lujanbio eta Fredi Paia bertsolariak Zitarrosa Antzokiko eszenatokian (argazkiak HaizeHegoaEE)

PUBLIZITATEA

Montevideoko Sala Zitarrosa Antzokia txiki gelditu zen euskal bertsolari eta payadore latinamerikarren arteko saio bikaina ikusteko bildu zirenen guztiak hartzeko joan den martxoaren 29an. Euskaldunen aldetik Maialen Lujanbio, Xabi Paia eta Fredi Paya zeuden, Argentinatik Wilson Saliwonczyk; Brasiletik Paulo de Freitas Mendonça eta Uruguaitik Walter Apesetche eta Gabriel Luceno. Inprobisazio eskola desberdinen arteko konexioak giro ederra sortu zuen eta ekitaldiak hizkuntzak eta mugak gainditu dituen nazioarteko birari bukaera borobila eman zion.
Atlantikoko alde bateko eta besteko inprobisatzaileen anaitasunak ekitaldi bikaina eman zuen joan den martxoaren 29an Montevideoko Zitarrosa antzokian egin zen emanaldian. Jendez gainezka zegoen aretoa eta lagun askok zutik entzun behar izan zuten bertsolarien emanaldia. Saio honekin bukatu zuten Argentina, Brasil eta Uruguain zehar egin zuten bira Maialen Lujanbio, Xabi Paya eta Fredi Paiak (Euskal Herria), Wilson Saliwonczykek (Argentina), Paulo de Freitas Mendonçak (Brasil) eta Walter Apesetchek eta Gabriel Lucenok (Uruguai).

'Artearen muin-muineko erakustaldia izan zen eta gure herrian ezezaguna den bertsolaritza ezagutzera eman zuten', azaldu dio EuskalKultura.com-i Danilo Maitia Montevideoko Haize Hegoa Euskal Etxeko kideak. 'Batzuen eta besteen aurkezpen eta kantuak txalo zaparradak jaso zituzten eta entzuleek hizkuntzen muga gainditzen asmatu zuten. Oso aipagarria izan zen ere bertsolariek euren bertsoetan erakutsi zuten umorea'.

[Goiko irudiaren ezkerrean Maialen Lujanbio bertsolaria Montevideon eskaini zuen saioaren une batean]

Bertsolarien moldaerraztasuna

Ekitaldiaren azken zatiko unerik ikusgarriena payadore uruguaitarrek eta bertsolari euskaldunek elkarrekin egin zuten saio izan zen. Euskaldunek euren bertsoak Uruguaiko erara moldatu zituzten eta decima-tan abestu zuten, milonga doinua erabiliz. Bertsolariek gainera hizkuntzaren mugak gainditzeko ahalmena erakutsi zuten eta batek euskaraz zioena besteak erdarazko bertsotara itzultzen zuen. 'Harriduraz beteriko bi ordu ta pikoko ikuskizuna izan zen eta jendeak zutik, txaloka eta goraka bukatu zuen', azaltzen du Maitiak.

[Goiko irudian euskal bertsolariak eta payadoreak Zitarrosa antzokiko taulagainean (argazkiak Haize HegoaEE)]

Komunikabideen arreta

Nazioarteko inprobisatzaile talde honen bisitak Uruguaiko komunikabideen arreta piztu zuen eta elkarrizketa ugari eman zituzten aurreko egunetan. 'Aipagarria da País Entero saiorako egindako elkarrizketa. Bertan ordu betez aritu ziren solasean, nazio desberdinetako Ameriketako inprobisatzaileek bizi zituzten arazoak azalduz eta Euskal Herrian bertsolaritzak duen sasoi onarekin alderatuz. Bertso eskolek osasun on horren ardura handia zutela azaldu zuten bertsolariek', aipatzen du Danilo Maitiak.

Montevideoko ekitaldiak inprobisatzaileek joan den martxoaren 13an Brasilgo Sao Paulon hasi zuten bira trinkoari bukaera eman zion (Sao Pauloko saioren bideo bat ikusi ahal izateko, jo hona). Brasildik bertsolari, repentista eta payadoreak Argentinara joan ziren eta bertan saio arrakastatsuak eskaini zituzten 9 de Julion, Saladillon, Chascomúsen eta Buenos Airesen (Radio Nacional irratiarentzako emanaldi berezia).

[Goiko irudian bertsolariak Chascomuseko Euskal Etxeko kideekin bertso-afari bat egin ostean (argazkia Pedro Maguregi)]


Enlaces relacionados

Bertso Dinner Belfast '08, Fredi Paia eta Arkaitz Estiballesekin
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko apirilaren 16ean

Bertsolari eta payadoreen arrakasta Chascomusen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 26ean

Bertsolari, payadore, pajador, repentista, a zer saltsa!
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko martxoaren 18an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia