euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertsoak, Dylan eta Beatlesen doinuekin: "Bertshow" ikuskizuna AEBetan barrena ibiliko da abuztuan

2015/04/22

"Bertshow" ikuskizuneko taldekideak, saio batean (argazkia Bertshow)
"Bertshow" ikuskizuneko taldekideak, saio batean (argazkia Bertshow)

PUBLIZITATEA

Aurtengo uztail eta abuztuan AEBtan barrena ibiliko dira "Bertshow" proiektua osatzen duten 9 bertsolari eta musikariak, euskal etxeetan kontzertuak eta emanaldia eskaintzen. Euskal kultura Diasporari hurbiltzeko asmoa dute, baina ukitu berezi batekin. Hasteko, bertsotan egingo dute, baina kantu anglosaxoiak doinu hartuta (Let it be, Blowing in the wind). Taldea Jaialdin izango da, gero Oesteko kostaldean ibiliko da eta bidaia New Yorken amaituko du. Azken ekitaldiak lotzen ari dira; zure euskal etxean nahi badituzu, adi!

Donostia-San Sebastián. Gipuzkoako bederatzi bertsolari eta musikari gaztek osatzen dute "Bertshow" ikuskizuneko taldea eta uztail honen hondarrean AEBetara abiatuko dira, hango euskal etxeetan hainbat emanaldi egitera. Hilabete emango dute han, saioak egiten eta bertako euskal komunitatea ezagutzen.

Bidaia kultur truke moduan antolatu dute: Euskal Herriaren zatitxo bat eraman nahi dute hara, baina handik bueltan euskal Diasporaren lekukotza ekarri nahi dute etxera. Horretarako, bidaia honetan dokumental bat grabatuko dute, eta gero Euskal Herriko emanaldietan erakustea da euren asmoa.

Bertsoak Let it be doinuarekin

"Bertshow" ikuskizunak hiru zutabe nagusi ditu. Batetik, bertsoak,  noski, baina ukitu berezi batekin. "Euskaraz abestuko dugu, baina hango entzuleek ezagutzen dituzten doinuak erabiliko ditugu, esaterako Beatles-en Let it be edo Bob Dylan-en Blowing in the wind", azaldu dio EuskalKultura.com-i Arkaitz Oiartzabal taldekideak.

Euskal Herrian dagoeneko erabili duten nahasketa da, eta haien esanetan, entzuleen erantzuna ona izan da. Donostiako Aste Nagusiko saio honetan, esaterako, Bob Marleyren No Woman, No Cry darabilte, besteak beste:

Kantu trukea

Ikuskizunaren beste ardatz bat euskal kantu tradizioa da. Taldeak euskal kantuaren historiari errepasoa egingo dio, kantuan, noski, eta abestiei buruzko azalpenak emanez. Errepertorioan betiko kantuak eta beste berriago batzuk bildu dituzte: Eperra (Herrikoia -Zuberoa-), Nire herriko neskatxa maite (Benito Lertxundi), Lau teilatu (Itoiz), Marinelaren zai (Sorotan Bele), Txoria txori (Mikel Laboa) edo Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete), esaterako.

Baina taldekideen esanetan, trukeak beste alde bat izango du ere, beraiek euskal komunitateak abesten dituen kantuak ikasi eta jaso nahi dituztelako. Amaitzeko, taldeak euskal kulturari buruzko hitzaldiak eskainiko ditu, esaterako, bertsolaritzari, euskarari edo euskal musikari buruzkoak.

Jaialdin hasiko

Taldea uztailaren hondarrean joango da AEBetara eta Boisen izango dira, hango euskaldunen aurtengo hitzordu nagusian: Jaialdin. Ondoren, Oesteko euskal etxeak eta hiriak bisitatuko dituzte: Reno, San Frantzisko, Bakersfield, Las Vegas, San Diego eta Los Angeles. Bidaia New York eta Bostonen amaituko da, abuztu bukaera aldera.

Honakoak dira taldea osatzen duten kideak: Jon Martin, Inigo Mantzisidor ‘Mantxi’, Arkaitz Oiartzabal ‘Xamoa’, Jokin Labayen eta Manex Mujika bertsolariak, Haritz Casabal itzultzailea, eta Ixak Arruti, Urtzi Olaziregi eta Eneko Sierra musikariak.

Eurekin harremanetan jartzeko eta emanaldiren bat proposatzeko, idatzi hona: xamoa1@gmail.com.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia