Buenos Aires, Argentina. Apirilaren 9an iritsi zen taldea Argentinara eta Buenos Airesen lurreratu bezain laster etorri ziren harrera eta baita lehenengo ekitaldia ere: Bertso bazkari bat, Buenos Airesko Euskaltzaleak elkarte eta euskaltegiak antolaturik, bertsolari eta pilotari taldearen lehenengo kontaktua Argentinako euskaldunekin.
Programa estu eta zurrun samarrarekin, Buenos Aireseko bigarren emanaldia apirilaren 10ean izan zen, Laurak Bat Euskal Etxeeko pilotalekuan. Bertan bai aritu ziren bertsolariak eta pilotariak trinketean, esku pilota partida eskaintzen, bertsoak botatzen eta Argentinako publikoarengandik lehenengo inpresioak biltzen.
[Laurak Bateko trinketean egindako partidako tanto ederrenetako bat]
Birako bigarren geltokia La Plata izan zen. Euzko Etxea euskal etxeko lagunek harrera beroa egin zioten Euskal Herriko zazpikoteari eta partida/emanaldia bukatu eta gero erreki edo ‘asado’ ederra eskaini zieten. La Platako egonaldiaren baitan,bertako 'Raíces Vascas' (Euskal Sustraiak) irratsaioa bisitatu eta elkarrizketa bat egin zieten eta taldeak euskal etxean Mundu bat ahoz aho dokumentala proiektatzeko aukera izan zuen.
Necocheara, Aste Santuan iritsi ziren zazpi lagunak eta ikuskizuna eskaintzeaz gain Euskal Etxearen 72. urteurrena ospatu eta Aberri Egunerako instituzioak prestatutako programan hartu zuten parte. Euskal giro ederra topatu zutela aitortzen dute. Bazuten Argentinan euskararekiko dagoen jarrera eta atxikimenduaren berri, baina hala ere liluratuta geratu omen ziren egonaldia euskara hutsean bizi izan zutelako. “Euskara eta euskal izaera bizi-bizirik sumatu ditugu, harrigarria bada ere ia euskara hutsean pasa ditugu hiru egunak eurekin, hitz egiten ez zuten askok ulertu behintzat egiten baitzuten, eta hizkuntza menperatzen ez zutenek ondo ezagutzen zutelako musika, dantza edo kulturari lotutako beste hainbat alderdi. Eta kultura diogu, ez soilik folklorea”, esan zuen Oihana Iguaranek, Tolosaldeko Atariak jasotzen dituen adierazpenetan. Necocheako egunei buruzko informazio gehiago, hemen.
Bahia Blanca ere programaren baitan zegoen, baina distantziak medio eta denbora ezagatik, ordu gutxi izan zituzten bidaiariek Union Vascaren egoitza den hiria bisitatzeko. Hala ere, bertako gazteek afaria antolatu zieten harrera behar bezala emateko eta bisitariek pilota tailer trinko bat eskini zieten, denbora apurrari etekinik handiena atereaz.
Hurrengo geltokia, Patagoniako mugan, Viedma eta Carmen de Patagones hiriek markatu zuten, eta Rio Negro ibaiaren bi aldeetako euskaldunak biltzen dituen Aberri Etxea izeneko euskal etxea. Eskaini zituzten, besteak beste, abesti tailerra bertako txikientzat, euskara ikasleentzat mintzapraktikak, afalosteko kantu-dantza-bertso emanaldia, euskara ikasleentzat bertso-tailerra eta dantza ikastaroa. Bertso-Pilota emanaldia, berriz, Sol de Mayo pilotalekuan eskaini zuten.
Bidaiaren azken egunetan, aldez aurretik planifikatuta ez zeukaten geldialdi bat egin zuten Oihana, Beñat, Iker, Iñaki, Arkaitz, Eneko eta Ekainek. La Platan egonik Lapridako Euskal Etxeko kide batek luzatutako gonbiteari baiezkoa ematea erabaki zuten eta programa zurrunean zirrikitua zabalduz, Lapridaraino iritsi ziren. Gainerako herrietako euskal etxeetan bezala, ongietorri ederra egin zieten eta ‘Bertso-Pilota’ herriko Pilota Klubean eskaini ahal izan zuten.
Biraren azken bertsoak eta partida Rosario hirian, Zazpirak Bat Euskal Etxeko lagunen eskutik, izan zuten. Une hartaraino bizi izandakoari, Pello Mari Otañorekiko lotura egin zuten bertan, Zizurkilen 1857n jaiotako bertsolari handia Santa Fe probintziako hiri honetan hil baitzen 1910ean. Ez zen batere modu txarra izan euren lehenengo bidaia argentinarrari amaiera emateko.
Birako argazki, bideo eta kronika gehiago, hemen.