euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertso-bazkari bizi-bizia egin zuen Berlingo Euskal Etxeak On Egin jatetxean, Jon Maia eta Alaia Martin bertsolariekin

2015/06/09

Jon Maia eta Alaia Martin bertsolariak Berlingo On Egin jatetxean bertsotan (argazkia Berlin EE)
Jon Maia eta Alaia Martin bertsolariak Berlingo On Egin jatetxean bertsotan (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Iragan larunbatean bertso-bazkaria egin zuen Berlingo Euskal Etxeak On Egin jatetxe euskaldunean. Jatetxea jendez lepo bete zen, entzuleak Jon Maia eta Alaia Martin bertsolarien abileziaz gozatzeko irrikaz. "Euskaldunak zein alemaniarrak izan genituen, azken hauek gehienak euskara klaseetako ikasleak. Gainera, hemen jaiotako gaztetxoentzat oso interesgarria izan zen, lehengo aldiz bizi izan zutelako bertso saio bat aurrez aurre", esan dio EuskalKultura.com-i elkarteko presidente Ainhoa Añorgak.

Berlin, Alemania. Iragan larunbata urteko egunik beroena izan zen Berlinen -orain arte momentuz-- eta egun horretan bertan egin zen Euskal Etxea On Egin jatetxean antolatu zuen bertso-bazkaria. Lekua jendez lepo bete zen, berrogeita hamar bat lagunekin. "Ez dira gehiago sartzen eroso egon ahal izateko, eta ezin izan genituen izen-emate gehiago onartu", esan du Ainhoa Añorgak. 

Bazkaria 14:00tan hasi zen eta menua ezin "egokiagoa": babarrunak, bere txorizo, kostilla, aza eta abarrekin. "Gero bertsotan erabili zuten menua, egin zuen beroarekin eta gu babarrunak jan ondoren izerditan!", esan du barrez Añorgak. "Ongi etorri bertsoan Maiak galdetu zuen ea menua nahita jarri genuen, nor zen euskalduna eta nor ez frogatzeko edo".

Saio euskaraz egin zen eta entzuleen artean euskaldunak zein alemaniarrak bildu omen ziren. "Bereziena publikoa izan zen, euskaldunak zein alemanak genituen bertan, baita kataluniar bat. Adinak denetarik: gure euskara ikasle helduak 60tik aurrera; hemen jaiotako euskaldunen seme-alaba gaztetxoak 15-16 urtekoak; pare bat haur 5 eta 7 urte, eta tartean denetarik".

Entzuleen artean euskara klaseetan ari diren aleman asko izan ziren. "Euskara irakasleak bertsolaritza landu zuen klasean eta ikasleak izan ziren bai errima eta gai guztiak jarri zituztenak", agertu du Añorgak. "Gaiak alemanez eta euskaraz eman ziren, baina bertsoak ez ziren itzuli. Oso interesgarria izan zen beraientzat, eta oso pozik zeuden nahiko ulertu zutelako. Batzuetan ondokoari alemanez itzulpen txiki bat egiten genion, txistea uler zezan".

Orohar elkartea oso kontent agertu da ekitaldiak izan zuen harrerarekin, eta ahal bezain pronto errepikatzekotan dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia