euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertoko euskaldunei buruzko aldizkari bat eta osasun zerbitzua Coronel Vidal-eko 34. 'Moxalaren Jai Nazional'ean

2012/03/14

Izatez Harro euskal etxearen standa 'Moxalaren Jaia'n (argazkiaEE)
Izatez Harro euskal etxearen standa 'Moxalaren Jaia'n (argazkiaEE)

PUBLIZITATEA

Eskualdeko festa garrantzitsuenetakoa da 'Moxalaren Jai Nazionala' eta urtero burutzen da otsail amaiera aldean Buenos Aires probintziako Coronel Vidal hirian. Izatez Harro euskal etxean bildurik, bertoko euskaldunek gero eta parte hartze handiagoa dute denboraren poderioz euskal kultura zabaltzeko hitzordu ezin hobea bihurtuz joan den herri topaketa honetan. Bukatu berria den 34. edizioan, Fernando Mandagaran-ek zuzentzen duen erakundeko standa, euskal etxeko kide eta bisitarien arteko topagunea izan zen, Euskal Herriari eta euskal argentinarrei buruzko informazioa trukatzeko. EEaren aldizkaria opari jaso zuten bertoratu zirenek.

Coronel Vidal, Argentina. Azken urte hauetako ohitura bati jarraituz, Coronel Vidaleko euskaldunek ikurriña ezarri zuten 'Moxalaren Jai Nazionalean' eta banderarekin batera euskal kultura zabaldu eta ezagutarazteko stand bat altxatu zuten Izatez Harro euskal etxeko kideek, ohi bezala lagun ugariren bisita jasoz.

“Gure standera hurbildu ziren bisitariek Euskal Herriko paisaiak ezagutu ahal izan zituzten proiektatutako bideoetan. Horretaz gain, gure liburutegiko testu batzuk, euskaraz zein gaztelaniaz, jarri genituen ikusgai. Eta euskal abizenei buruzko datuak ere eman genizkien galdetu zigutenei”, azaltzen dute Mar Chiquita partiduko euskal etxeko arduradunek.

[Euskaldunen partaidetza Coronel Vidal-eko 34. 'Moxalaren Jaia'n (bideoaEE)]

60 metro karratuko txokoa, herriko plaza nagusiaren aurrean kokatu zuten Izatez Harro-ko kideek eta haien esanetan “leku aproposena izan zen komunitatearengana heltzeko eta gure erakundeak eskaintzen dituen osasun zerbitzuak hedatzeko. Jende asko hurbildu zitzaigun abizenaz galdetzeko; beste batzuk, euren izena emateko. Beste herri batzuetako euskal etxeetako lagunak ere etorri zitzaizkigun ikurriñak erakarrita”.

Jakina denez, mutualitate gisa sortu zen Izatez Harro eta honekin lotuta dagoen zerbitzu bat eskaini zuten euskal etxeko erantzuleek 'Moxalaren Jaia'ren baitan. “Thema osasun enpresak utzitako bi sistemari esker, odoleko azukre maila neurtu genien eskatu zigutenei. Thema osasun zerbitzuak ez ezik, gurekin dagoen Jonestur turismo enpresarenak ere sustatu genituen jaian”, adierazi dute Coronel Moldeseko euskaldunek.

Euskal standera bertaratu zirenen artean Mar Chiquitako gaur egungo euskaldunen egoerari buruzko aldizkariak banatu ziren, dotoreak eta argazki koloredunak, euskal etxea argitaratzaile.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia