Córdoba, Argentina. "Diasporak Euskal Herria irakurtzen (eta idazten du)" (sic) du izenburu Cordobako Gerora Kultur Elkarteak antolatutako solasaldi zikloak. Lehen topaketa datorren larunbat honetan, apirilaren 26an, burutuko da Zuleika Esnal idazle argentinarra partaide. Hitzordu berezia izango da, Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurrenaren harira egingo baita. Iaz Sudestada Editorialak argitaratutako “Amelia y la eternidad”, Esnalen azken lana, izango du ardatz. Umorez eta poesiaz memoria historikoa, absentzia eta mina jorratzen dituen kontakizuna da, literatura iraganeko eta oraingo borrokekin lotuz. Casa de Pepinon (Fructuoso Rivera 387, Córdoba) gauzatuko da, 17etan.
Larunbat honetan, Zuleika Esnal eta Gernikako Bonbardaketaren 88. urteurrena. Zikloaren helburua, mihia dantzatzea, "irakurketa keinu politiko gisa, elkarrekin, Diaspora gisa, kolektibo gisa eta gizarte gisa hausnartzen den gune bat eraikitzea"
Solasaldi zikloak literaturaren eta kulturaren arteko elkarrizketa partekatzeko gune bat izateko asmoa du. Aztertzea baita ere erbestea, oroimena eta euskal nortasunaren eraikuntza bezalako gai sakonak eta, era berean, Diasporako idazleen eta Euskal Herrian eta Euskal Herritik idazten dutenen sormen prozesua gehiago ezagutzea. "Helburua, izenak dioen bezala, topaketa bakoitza elkarrizketarako, trukatzeko eta berriketarako gonbidapena izatea da. Jendeak hitza hartu, galdetu eta ideiak edo iritziak partekatu ahal izatea da gure nahia ", azaldu dio EuskalKultura.eus-i Gerora elkarteko lehendakari eta zikloaren koordinatzaile Agustina Madarietak.
Partaidetza bertatik zein online
Azken bi urteetan argitaratutako liburuak hartuko dituzte hizpide egileek. Fikziozko lanak izango dira gehienbat, Euskal Herriari, Argentinari, Diasporari eta egungo munduko arazoei buruzko ikuspegi interesgarriak eskaintzen dituzten eleberriak. Solasaldi batzuk aurrez aurre egingo dira Córdoba hirian, eta Euskal Herriko idazleekin egingo direnak formatu birtuala izango dute, herrialdeko eta eskualdeko beste leku batzuetakoen parte hartzea ahalbidetuz. Aurten gutxienez lau hitzaldi antolatzeko asmoa dute, bi hilean behin, gutxi gorabehera. Larunbat honetakoaren ondotik, hurrengoa, ekainean. "Oso pozik gaude irakurketa lantzen den espazio bat sortzeaz, irakurketa keinu politiko gisa, elkarrekin, Diaspora gisa, kolektibo gisa eta gizarte gisa hausnartzen den gune bat eraikitzeagatik”, amaitu du Gerorako eledunak.