euskal diaspora eta kultura
2014/02/11
PUBLIZITATEA
Buenos Aires, Argentina. “Euskaldunen eta argentinarren artean elkartasuna bultzatzea, adiskidetasuna sortzea eta aberriarekiko maitasuna zabaltzea; Euskal Herriaren kultura hedatzea eta euskaldunen hizkuntza, historia, folklorea, artea eta gainerako agerpenak sustatzea” dira Argentinako Euskal Echea Institutuaren helburu nagusiak. Eta helburu hauei begira sortu zen 2008an, instituzioaren barruan, Buenos Aireseko UVV Udako Euskal Unibertsitatea.
Proiektua arrakasta handiz burutu da urte hauetan, bai ikasleen partaidetzari dagokionez, baita emaitzei dagokienez ere. Izan ere, eta beste lorpen batzuen artean, Udako Euskal Unibertsitatearen edizio bakoitzak, ikastaroetan parte hartutako ikasleek egindako lanak biltzen dituen liburu bana utzi du argitalpen gisa.
6. edizioa bertan behera
Joan den abenduan EuskalKultura.com-ek argitaratu bezala, otsailaren 17tik 28ra burutu behar zuen Sarandi kaleko Euskal Echea eskolaren egoitzan UVVren aurtengo edizioa. Halabaina, komunikatu batean, proiektuaren koordinatzaile Enrique Aramburuk jakinarazi duenez, “izena eman dutenen kopurua ez da nahikoa izan kurtsoak abian jartzeko. Hori dela eta erabaki dugu 6. edizioa bertan behera uztea. Hala ere, horrek ez du esan nahi euskal kultura zabaltzeari eta ikastaroak emateari utziko diogunik. Izan ere, 2014 honetan, urtean zehar garatuko ditugu aktibitateak, erakundeko Ikasketa Aurreratuen Zentroaren zereginen barruan”.
Ohar honekin batera, proposamen berriaren ildo nagusiak ere azaldu ditu Aramburuk: “Trantsizio programa hau, orain arte udako ikastaroetan egindakoan oinarrituko da. Horrez gain liburutegi bat atonduko da eta gonbitea luzatuko zaio Euskal Echea-ko hezkuntza komunitateari; are gehiago, ikastaro batzuek puntuak emango dizkiete irakasleei euren curriculumerako. Horrez gain, Llavallolgo egoitza hartuko du kontuan egitarauak, eta Euskal Echea-ko irakasleak gonbidatuko dira irakasle. Beti ere, ahalik eta ikasketa maila altuenari eutsiz eta ‘unibertsitate izatea'ren oinarrian jendea dagoela eta lagun taldea dela pentsaturik”.
Proposamen berria
Aipatutako ekintza apirilean hasiko da eta behin behineko programa plazaratu da jadanik: eskolak asteazkenetan emango dira, arratsaldeko 6etatik 7:15etara eta 7:45etatik 9etara, hurrenkera honetan: euskal historia eta geografia, apirilean; euskal historia eta arkitektura, maiatzean; euskal historia eta euskara, ekainean; euskal musika eta dantza, irailean; euskal ekonomia eta sukaldaritza, urrian; eta euskal mitologia eta literatura, azaroan.
Etorkizunari begira, antolatzaileek ez dute baztertzen Udako ikastaroak berriro egiteko aukera. Horretarako, ordea, baldintza batzuk bete behar direla azpimarratzen dute. Bitartean, eta Instituzioaren izenean, Enrique Aramburuk esker beroak adierazi nahi dizkie bost urte hauetan Unibertsitatearen proiektuan, era batean edo bestean, lagundu dutenei. “Hemendik aurrera proposamen berri honetan ere parte hartzera gonbidatu nahi ditugu, proiektu hau aurrekoa bezain oparoa izango delakoan”, adierazi du Aramburuk.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus