Ospakizun erraldoia antolatu zuen, Andeak zelatari, Rio Negro probintziako Bariloche hiriko Udalak, bere urtebetetze berria ospatzeko. Hiriaren eguneroko jarduna osatzen duten ehun bat erakundek hartu zuen parte ekitaldietan, tartean, eskolak, elkarte zibilak, gizataldeak, klubak eta indar biziak oro har. Kolektibitate kanpotarren kasuan, hiriko "Mendiko Eusko Etxea" Euskal Etxeak bermatu zuen euskal jatorrizkoen presentzia udal mailan ospakizun nagusia den urteurren festan.
Bariloche, Argentina. Egun osoko jai batekin ospatu zuten barilochetarrek euren hiriaren urteurren berria. Ekitaldia Onelli kalea zeharkatu zuen kabalkada batekin hasi eta hiriko belodromoan bukatu zen, bertan gauzatu zen kultur jaialdiarekin. Programaren barruko ekitaldi koloretsuenetako bat, belodromo berean 18.000 pertsonentzako prestatu zen "guisado montañés" edo "mendiko gisatua", Pablo Quiven sukaldari ezagunaren eskutik, izen handiko beste zortzi chef eta Ostalaritza Eskolako beste 50 bat ikasle lankide zituela.
Hirian bizikide diren ehundik gora elkarte eta erakunde aritu ziren kabalkadan partaide, Mendiko Eskola Militarreko Bandak jotako musikaren erritmoa lagun. Eta azaroro antolatzen duten jaialdirako prestatzen ziren bitartean, Europar-Argentinar Gizataldeek euren herrialdeetako ikurrak, jantzi tipikoak eta banderak erakutsi zituzten hiriko erdiguneko kaleak zeharkatu zituen desfilean. Euskal Etxearen kasuan, Hector Graña eta Luis Galarragak lagundu zuten euskal banderaduna.
Topaketa eta dantzak
Rio Negro probintzian kokatuta, Patagoniako Andeen mendikatean dagoen euskal etxeetako bat da Barilocheko Mendiko Eusko Etxea. Parte aktiboa hartzen du azken urtebete honetan garatzen ari diren Patagoniako Euskal Etxeen Topaketetan eta hala egin zuen joan den hilean ere, bileretako azkenean, elkarteko agintari eta dantzariak bidaliz. Eskualdeko euskal etxeen jarduera koordinatuaren aldeko bilkuretan egoteaz gain, Barilocheko dantzariek kalitate handiko koreografiak erakutsi zituzten programako azken afarian.
Dantzak, izan ere, eta dantza taldea, jarduera behinena dira Euskal Etxeak garatzen dituenen artean. Hogeita hamarretik gora dantzari partaide dituen taldeak izen eta tarte propioa eraiki du hiri mailan eta baita hiriak urtero ospatzen duen Europar-Argentinar Gizataldeen Jaialdi entzutetsuaren baitan ere, eta bereziki ikuskizun horretarako prestatzen dira urtean zehar. Dantza klaseak, larunbatero dira Euskal Etxearen egoitzan ordutegi honetan: txikientzat, arratsaldeko 5etatik 6etara; helduentzat, 6etatik 7etara; eta gazteentzat, 7:30etatik 9etara.