Hamaika izan dira --azken orduan iritsi den 'Kaltegarria' izenekoa sartuta-- Madrilgo Euskal Etxean gaur iluntzean ikusi eta epaituko den Laburmetrai Lehiaketara aurkeztu diren lanak, bertako Euskaltegiko maila desberdinetako kasleek egindakoak. Seigarren edizioa du lehiaketak eta, dagoeneko sendotuta dagoen ohituraren arabera, bertaratzen direnek jujatu eta aukeratuko dute 'palmares'a, film onenari dagokionez eta baita gizonezko eta emakumezko aktore onenari dagokienez ere.
Madril, Espainia. Guztia gauzatuko den ekitaldia gaur arratsaldeko 7:30etan izango da Madrilgo Euskal Etxeko Pello Aranburu aretoan. Bertaratzen direnek aukera izango dute aurkeztutako lanak ikusteko eta baita epaitzeko ere.
Euskaltegiko irakasle den Errukiñe Olaziregik EuskalKultura.com-i azaltzen duenez, "laburmetraiak guztiak ikasleek eginak dira. Euskaltegiko talde bakoitzak bat --beno, baten batek ez du egin--, beraz, talde lanak dira, ez-profesionalak alegia".
"Iluntzeko zazpi t'erdietan ikusiko ditugu. Talde irabazleak afari bat lortuko du talde osoarentzat eta horrez gain, bi 'Oskar txapeldun' hautatuko ditugu". Izan ere, bat gizonezko aktorerik onenak eta besteak emakumezko aktorerik onenak eskuratuko baitituzte.
Hauek dira aurkeztu diren hamaika lanen izenburuak:
- Ideia Ekaitza
- Misterioa Euskadin
- Euskara Munduan
- Txistorra Zero
- Euskal Txiritanta
- Zurekin dantzatu nahi nuke
- NeskabilAPP
- Basque Mirror
- Maitasun espedientea
- Kaltegarria
Madrilgo Euskal Etxetik azaldu eta bildutako gainerakoekin epaile izan nahi duenak libre du bertaratzea. Zorte on guztiei, eta ongi pasa euskaraz komunikabide duen arratsalde batean.