Elko, AEB. Aspaldi erabaki zuen Elkoko Euskal Etxeak 2020ko Euskal Jaialdi Nazionala bertan behera uztea (ikus hemen), Covid-19a kari. Normalean hiru egunekoa izaten den eta urrutitik ere jendea herrira erakartzen duen euskal elkarretaratze hori kantzelatu arren, Elkoko euskaldunek herri mailako ekitaldi apalgo batez ospatuko dute euskal eta amerikar jaia, familientzako afari batez Euskal Etxearen egoitzan, eta dantzaldi bat eginez ondoren, herriko Star Hote euskaldunaren kanpoaldean, aparkalekuetan, aire librean.
Piknik eta afaria datorren larunbatean, uztailaren 4an egingo da, afari goiztiarra 16:00etan zerbitzatuta. Taberna zerbitzua 15:00etatik egongo da zabalik.
Eta ondoren, herrian euskal ikur den Star Hotelak egingo du bere kanpoaldean dantzaldia. Musikariak, DJ bat, Jean Flesher eta Amerikanuak banda eta Mercedes Mendive, Melodikoa-koa, izango dira.
Antolatzaileek ardura eskatu diete bertaratzeko asmoa dutenei. Norbait gaizki sentitzen bada edo inolako sintomarik badu, arriskurik ez hartzeko eta arduraz jokatu eta ez agertzeko galdegin dute. Norberaren ganora eta ardura erabiltzera deitu dute.