euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Bertako Euskal Etxeko dantzariek zinez edertu zuten Fresnoko Euskal Bestaren 2023ko edizioa maiatzaren 6an

2023/05/22

Manuela Etchechury (bigarrena eskuinetik) buru duen Fresnoko Euskal Etxeko dantza taldea maiatzaren 6an (arg Elisa Calzacorta Huber)
Manuela Etchechury (bigarrena eskuinetik) buru duen Fresnoko Euskal Etxeko dantza taldea maiatzaren 6an (arg Elisa Calzacorta Huber)

PUBLIZITATEA

Fresno, Kalifornia, AEB. Jende andana polita bildu zuen maiatzaren 6an Fresnoko Euskal Etxeak Caruthers-en, Campostarren tokian. Jakina denez, Euskal Herriko herriko jaien pareko da Estatu Batuetan, euskal komunitatea edo euskal etxea dagoen herri bakoitzeko 'euskal piknika', lekuaren arabera 'euskal festa' edo 'besta', edo 'euskal jaia' ere deitzen dutena, edo 'jaialdi(a)' ere leku batzuetan. EE bakoitzak berea dauka, ingelesez the picnic edo the Basque Festival deituz urtean behin egiten duten euskal festa nagusi honi.

Urtero piknik sasoiko lehenengoa da Fresnokoa (hona artikulua 2023ko euskal piknikez), maiatz hasieran, aurten hilaren 6an. Urte batzuk dira, Nafarroako Orondritzen jatorria duten Campostarren almendra-zelaien erdian dauden instalazio zabaletan egiten dela, Tony eta Juliet Campos eta familiaren eskuzabaltasunari esker. Izan ere, euskaltzaleak izateaz gain, gustukoa izan ohi dute Tony eta Juliet-ek euren bilobak Fresnoko euskal dantza taldeko parte dantzari ikustea, Kalifornian bertan euskaldun jaiotako Juliet dantzari eta dantza-irakasle izan zela gainera. [Denbora da Juliet larri zegoela, eta zoritxarrez maiatzaren 17an hil da. Doluminak Tony eta familia osoari. Goian Bego!]


Fresnoko EEko dantzariak 2023ko piknikean Banako dantzatzen: Gabby Etcheverry, Cole Calzacorta, Maddy Calzacorta, Robynn Huber, Berkeley Hayes, Elena Campos, Angelina Neill eta Trip Neill. Akordeoia jotzen eta taldeko zuzendari, Manuela Etchechury (bideoa, Elisa Calzacorta Huber)

Ohi bezala piknik eguna mezarekin hasi zen, aita Antton Egigurenek, Kalifornian bizi eta AEBko euskaldunen omonier edo kapilaua den pater frantziskotarrak euskaraz eta ingelesez emana [hona mezako eta piknik hasierako bideoa], eta aberasgarri eta kolore-emaile izan zituen kantuan, irakurketetan, dantzan eta klikan Fresnoko eta beste euskal etxe batzuetako lagunak. Mezari sarrera emateko, ohiko kabalkada, klika, dantzariak, musikariak eta apaiza partaide.

Beste hainbat Euskal Etxetan bezala AEBn eta Diasporan, merezimendu handiko lana egiten dute Fresnon gaztetxo eta gazteei euskal dantzak irakatsi eta dantzazaletasuna ereiten dien EEko dantza taldeak, kasu honetan Manuela Etchechury zuzendari

Hontan guztian, bereziki azpimarratzekoa dantzarien lana. Izan ere, lan bikaina egiten dute AEBko eta Diaspora osoko hainbat euskal etxetan tokian tokiko euskal dantzariek. Fresnon konparazio. Borondatea eta engaiamendua dauzkate ezaugarri nagusi, eta oztopo ugarien gainetik eta ahalbide askotan eskasekin guraso, aiton-amona edota birraitona-amonengandik jasotako lekukoa atxiki, eta eutsi egiten diote. Dantzariek, eta euren familiek. Harro eta gogotsu euskal harrobi ere badira.

Fresnoko dantza taldeko gazte partaideen izenak dira momentu honetan: Kim Calzacorta, Frances Echeverria, Devonne Etcheverry, Juliana Morris, Emma Manley, Pampi Etchechury, Kaci Campos, Josiah Campos, Kattalin Serrano, Eva Martinez, Emilia Martinez, Michaela Betbeder, Elisa Huber, Emma Habar, Dominique Etchechury, Claire Baradat eta Danielle Serrano. Taldeko zuzendari eta entseguetako eta zuzeneko akordeoi-jotzaile, Manuela Etchechury.

Etchechurytarrak, euskal kaliforniar familia zinez atxikia dira Fresnon, Euskal Etxea eta herriko Santa Fe euskal ostatua tarteko

Nork ez ditu ezagutzen Kaliforniako euskal giroetan Etchechurytarrak? Kalifornian aita baxenafartarra [Pascal Labrouche, aihertarra] eta ama gipuzkoarra [Marisol Aguirre. hernaniarra] jaiotako Manuela (Labrouche) Etchechury da Fresnoko euskal dantzarien zuzendaria. EEko dantza taldea gidatzeaz gain, Fresnon euskal biltoki eta erreferentziagune den Santa Fe euskal ostatua gobernatzen du, senarrarekin eta eta bi seme-alabak lagun. Eta akordeoia ere jotzen du, dantza taldearentzat, eta asteburu batzuetan, Kalifornia eta Nevadako euskal piknika eta festetan.

Senarra Jean-Pierre ere kaliforniarra du, ama Gabrielle (Indart) baigorriarra eta aita Erramun, zendua, bidarraitarra. Atabala eta perkusioa jotzen ditu Manuelaren taldean, eta baita ere Jean Flesherren 'Amerikanuak' euskal bandan. Klikan ere Kalifornia osoan. Musan aritzea ere zaletasun daukate familian. Eta bi seme-alabak, Kaliforniako euskal giroan hazi dituzte: Dominique alaba behinena dantzari trebea da, eta Panpi semea dantzaria eta perkusio-jotzailea ere.

Bihotzean eta ekinean daramate euskaltasuna. Euskal musika eta dantzaz gain, behar da bereziki aipatu Etchechurytarrak 1990tik gobernatzen duten Fresnoko Santa Fe euskal ostatua, euskal-amerikar moldeko janari tradizionala zerbitzatzen duen lekua dela. Ongi pasatu die bikoteak seme-alabei euskal kulturarekiko amodioa. Fresnoko piknikean, familiako beste gazte batek, Manuelaren anaia Clement-en alaba Lauren Labrouchek, bere euskal margoak erakutsi zituen festan, stand bat muntaturik.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia