Salto, Uruguai. Joan den asteartean, otsailaren 2an aurkeztu diote Saltoko Euskaldunen Taldeko Euskal Etxeko kideek hiriko Gobernuari Harriague Upeltegiaren berreskuratzeko proiektua. Hazparnen jaiotako Harriague Jaunak 1860. urtean sortutako Upeltegi hau aitzindari izan zen ardogintzan bai Salton bai Uruguai herrialde osoan eta proiektu anbiziotsu baten barnean gaur egun utzita dauden enpresaren instalazioak berreskuratu nahi dituzte herriko erakunde batzuk, Euskal Etxea buru.
Udalaren izenean, Andres Lima alkateak, Fabian Bocchia idazkariak, Jorge de Souza Kultur idazkariak eta Pablo Ferreira Pintos Ekintzen zuzendariak jaso zituzten EHU-UPVko UNESCOko Kultur Paisaiak eta Ondare Katedrako ordezkari den Ander De la Fuente Arana arkitektoa eta berarekin batera joandako Euskal Etxeko Adela Soto eta Luis Zaldua eta Saltoko Ondare Historikoaren Batzordeko kideak, tartean Isidra Solari presidentea, Ariel Villar, Ofelia Piegas eta Teresa Gallino de Silva. Saltoko Euskaldunen Taldetik nabarmen azpimarratu diote buletin honi bilkuraren arrakasta eta gobernuak lehenbailehen lanean hasteko emandako hitza.
U-riharri (Uruguai-Ribes-Harriague) proiektua
Proiektuaren izenburu honekin, ideiaren bultzatzaileek adierazi nahi izan dituzte bi etorkin hauek etxetzat hartu zuten herrialdearen izena, eta aldi berean Saltoko ‘urrezko denboraldian’ zerikusi handia izan zuten Saturnino Ribesen eta Pascual Harriagueren abizenak. Ribesi dagokionez, ezinbestekoa izan zen bere ekarpena Uruguai ibai-nabigazioan. Harriague, ordea, herriko eta herrialde osoarentzat harro egoteko moduko egitasmoaren –Harriague Upeltegia– aita izan zen.
Zoritxarrez, 1910. urtean funtzionatzeari utzi zionetik, upeltegiaren instalazioak utzita daude, eta gaur egun, garai batean izan zenaren aztarnak baino ez daude. Hala ere, saltotarrentzat garrantzi handia dauka, lekua Ondare gisa berreskuratzeak eta ideia horri jarraiki euren indarrak ari dira batzen proiektua aurrera eraman ahal izateko. Proiektua EHUko Ander De la Fuente Arana arkitektoak sortu eta aurkeztu zuen asteartean eta bere esanetan, “Upeltegiaren berreskuratze lanak plan orokorrago baten barruan daude txertatuta, upeltegiaren inguruan ere lan egingo baitugu”.
Euskal Etxeko kideekin eta Euskalkultura.com ere bertan zela izandako bileran, De la Fuentek egitasmoaren xehetasunak azaldu zituen: “Kontuan hartu ditugun aukeren artean, museo bat egitea dago eta lekua txukuntzea jendeak bisitatu ahal izan dezan. Baina haratago ere joan nahi dugu eta ez legoke gaizki, adibidez, Upeltegiaren lur eremuan bertan Euskal Etxearen egoitza txertzea. Beste alde batetik, gure asmoa da ‘pago’ txiki bat egitea, hau da, baratze txiki batzuk sortzea, bakoitzean mahats ezberdinak probatu ahal izateko… nola moldatzen diren hemengo lurrera, nolako harrera duten publikoan eta kalitate ezberdinak ere probatu beharko genituzke eta baten bat oso oso ona ateratzen bada, komertzializatu ere egin ahal izango genuke". "Tannat motako mahatsa landuko dugu, noski, jakin badakigulako hemen oso ondo hazten dela. Euskal Herriko bertako motei dagokienez, ikerketa batzuk egin eta gero, erabaki genuen onena txakolin ekoizpena probatzea izan zitekeela. Txakolina mundu osoan ari da garatzen gaur egun, merkatu berriak ere ari dira bilatzen eta uste dugu aukera paregabea izan daitekeela. Egin aurretik ezin dezakegu bermatu arrakasta izan duenik, baina ziur gaude benetako aukera onak daudela”.
“Aldi berean, Ribesen historia ere gailendu nahiko genuke… berak Harriaguerekin egindako ibilbidea, bere enplegatua izanik, eta gero bere kabuz eraiki zituen ontziolak ere oso garrantzitsuak dira gure proiektu honetan. Honekin lotuta gure xedea da Albaolako (Euskal Herrian itsas ondarea berreskuratzeko ekimena) jendea gonbidatzea gurekin batera lan egitera, Ribesi nolabaiteko omenaldi bat egin ahal izateko eta, era ludikoan estropada erakusketa moduko ekintzak antolatzeko. Ikusten denez, helburua da tradizioa, kultura eta ondarea biltzea eta gaur egungo errealitatearekin erlazionatzea. Izan ere, Ondarea ez dugu bakarrik monumentu gisa gorde nahi, bizia eman zion izpiritua ere berreskuratu nahi dugu”
Hurrengo urratsak
Bileraren arrakastaren ondorioz, Saltoko Udalak laster ekingo die eginbehar batzuei, tartean, sarrera pribatu bat egingo dio Upeltegiari, lur eremua garbituko du eta azpiegitura kontu batzuez ere arduratuko da. Saltoko Euskal Etxeko lagunek azaldu duten bezala, “orain, Saltoko jendea kontzientziatu behar dugu. Bi urte barru Upeltegia prest egongo da eta guztiok gozatu ahal izango dugu”. De la Fuentek berak laburtu zuen ideia herriari eskainitako hitzaldian: “Harriague Upeltegia ez da euskaldunen harri bitxia; Uruguaiko herri osoaren ondarea baizik”.