Bertako alkate Dave Bieter-ek Boiseko Ikastolaren lokal berriak zabaldu ditu, oraingoan jabegoan
2015/07/22
Boiseko Ikastolaren egoitza berriaren estreinaldi ofiziala 2015eko uztailaren 20an (argazkia KTVB 7)
PUBLIZITATEA
Boiseko Ikastolak --Boisen eskolaurreko haurrak baitaratzen dituen euskal eskolak-- bere instalazio berriak zabaldu ditu iragan astelehenean, hiriko alkate Dave Bieter eta Ikastolako hainbat guraso, lagun, bolondres eta haur ere bertan zirela. Berez, eguneroko ekintza normalduekin --udako saioan-- gaur hasi dira eraikin berrian, zenbait hilabetez etxea zein alboko berdegune eta ingurua behar bezala apaindu eta egoki ostean.
Boise, AEB. Sortu zenetik 1998an orain arte, BSU unibertsitate inguruan Eliza Katolikoak erabiltzen utzitako egoitza batean jardun du Boiseko Ikastolak eta oraingoa lehenengoz jabegoan eta erabilera partekatu behar izan gabe daukan lehenengo aldia da.
Pozik daude gurasoak, irakasle eta Ikastolako langile eta bolondresak eta baita haurrak ere, metro koadrotan irabazi ez badute ere, gardentasunean, argitasunean eta egokitasunean garbiro irabazi baitute, egoitza berria, bestalde, Boiseko erdigunerako eta berdegunea ere duela jardungo baita aurrerantzean.
Oihana Andion nafarra da Ikastolak egun daukan andereño nagusia eta bere ikasleen artean euskaldunen ondorengoak diren haurrak nagusi badira ere, badauzka euskal jatorririk gabe baina Ikastolak bultzatzen duen eskola eta hizkuntza eta hezkuntza ereduagatik datozkion haurrak ere.