euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Berrogei lagundik gora batu ziren Los Angelesko jatetxe batean, mahai batean inguruan euskaraz kantatzeko

2015/04/14

Jatetxe handia da Los Angelesko Taix eta baditu hainbat gela pribatu; horietako batean batu ziren kantu zale euskaldunak (Argazkia: Ander Egiluz Beramendi)
Jatetxe handia da Los Angelesko Taix eta baditu hainbat gela pribatu; horietako batean batu ziren kantu zale euskaldunak (Argazkia: Ander Egiluz Beramendi)

PUBLIZITATEA

Los Angelesko Echo Park inguruan, Taix jatetxe frantziarrean batu ziren, iragan martxoaren 29an, euskal jatekoez eta euskal kantez gozatzeko. Urte luzea joana zen Louise Camou-k antolatua zuela aurreko kantu hitzordua eta arrakastatsutzat jo zuen Aingeruen Hirikoa. “41 lagun batzea oso ondo dago; adin tartea 25etik 90era bitartekoa zen, eta hori da helburu nagusia, gazte eta zaharrak batera, elkarren lagungarri jartzea”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Los Angeles, AEB. Chino Basque Club edo Chinoko Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordeko kide da Camou baina antolatu ohi dituen kantatzeko hitzordu hauek ez dute klubarekin lotura zuzenik. “Hilero antolatzen ditugu klubaren egoitzan kideentzako bazkariak, horregatik saiatzen gara kantaldi hauek beste leku batzuetan egiten”, esan digu. Orain arte, Los Angelesen gain, Glendora-n, Conton-en eta Chino-n batu izan dira, beti Kalifornian.

Orain hiru urte antolatu zuen Camou-k bere lehenbiziko 'kantari eguna', gazte eta edadetuak batzeko asmotan, “geure komunitatearentzat gauza garrantzitsua delako hori”. Lan ederra dabil egiten, baina batzuetan ez da erraza gazteak erakartzea “unibertsitatearekin eta beste hainbat gauzekin lanpetuta baitaude”, aitortzen du. Edonola ere, urtean zehar udan baino hobeto dauka kantu-bazkariak deitzea, "uda partean piknikak ere izan ohi ditugulako", gogorarazten du.

Los Angelesekoan, jateko zein kantatzeko menu erakargarriaz gozatu zuten bertaratutakoek. Alde batetik, entsalada, salda, artxoa, ardo beltza, kafea eta txokolatezko izozkia, eta bestalde, kantu herrikoi zein musikari ezagunek idatzitakoak, hala nola: Aitorren hizkuntza zaharra, Etxe txiki txukun baten, Prima eijerra, Agur Euskal Herriari, Furra, furra edota Eperra, batzuk aipatzearren. 75 abesti dituen liburuxkaren aleak eraman zituen Camouk, eta bertatik, nahieran, aukeratu zituzten doinuak kantuzaleek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia